Osasuna
Liga BBVA
Camacho (Osasuna-Zaragoza): "Partida errazik ez dago jada"
Asier Legarda
Taxoare
Hasierako hamaikakoan sartuko ditu Puñal eta Juanfran partida bateko zigorraren ostean.
Lau egunetan etxean bi aurkari zuzenen aurka jokatu behar du Osasunak: igandean Zaragozaren aurka eta asteazkenean Malagaren aurka. Horrexegatik, bi partida hauek irabaziz gero salbazioa ia-ia ziurtatuta izango luketela gogoratu dute aste honetan Osasunako jokalariek, baina Camachok argi hitzegin du gaur: “Hiru puntu garrantzitsu izango ditugu jokoan, eta horrela hartu behar dugu partida. Puntuak batuz gero estutasunak saihesteko modua izango dugu gure zelaian eta hori da asmoa. Baina oso partida zailak direla ezin da ahaztu, eta lehendabizikoa da orain garrantzitsuena. Etxean jokatzen dugunez jende askok erraz irabaziko dugula pentsa dezake, baina orain partida errazik ez dago. Pausoz pauso joan behar dugu eta Zaragozaren aurkakoa da lehendabizikoa, egiten dugunaren arabera hurrengo partiden irakurketa alda egin daiteke”, esan du Osasunako entrenatzaileak.
Hasierako hamaikakoari dagokionean bi aldaketa egingo ditu Camachok, Juanfranek eta Puñalek hasieratik jokatuko dute berriz, iragan asteburuan txartel pilaketaren ondorioz Mestallan zigorra bete ostean. Calleja eta Vadocz dira kaltetuak.
Ustezko hamaikakoa:
Ricardo; Azpilikueta, Sergio, Flaño, Monreal; Puñal, Nekounam, Juanfran, Pandiani, Camuñas, Aranda.