Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Mundializazioa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Globalizazioa, mundializazioa, muga eta hesien erorketa, traba eta oztoporik gabeko komunikazioa, kulturen arteko eten gabeko hartu-emanak.

Guztiok dakigu zertaz ari garen, baina gehienok zailtasunak izango genituzke benetan zer esan nahi dugun zehazteko. Batzuek uste dute gerta dakiguken onena dela, mendetan izan den gertakizunik bikainena; beste batzuen iritziz, gaitz eta oinaze guztien eragilea da. Guztiek ezinbestekotzat jotzen dute, baina bakoitzaren joera eta pentsaeraren arabera alde bat edo bestea azpimarratzen dute.

Batzuek egokitzat jotzen dute ideiak, dirua, gaiak, tresneria, jakiak eta saldu eta eros liteken guztia eragozpenik gabe mugitu ahal izatea, baina zalantza gehiago dute pertsonei dagokionean. Beste batzuk diote pertsonek ez luketela inongo eragozpenik izan behar munduan zehar mugitzeko, baina ez dituzte onartzen kanpotik datozen produktuak, beste leku batean ekoiztutako tresna edo makinak, iruditzen zaielako bertako ekoizpenari, bertako enpresei eta bertako langileei kalte egiten dietelako. Globalizazioak eragile anitzak eta batzuetan kontrajarriak ditu, baina itxura guztien arabera mugimendu geldiezina da eta etorkizuna izan nahi badugu egokitzea besterik ez zaigu geratzen.

Egun hauetan Frantzian protesta gogorrak bizi dituzte, gobernuak onartu nahi duen Lan Erreformak eraginda. Gizartea erabat zatituta dago eta akordioak zaila dirudi. Legearen alde daudenek diote lan merkatua aldatu beharra dagoela, garai berrietara egokitzeko.Enpresatan malgutasun handiagoa behar dutela, jarduera merkatuaren eta egoera ekonomikoaren arabera moldatu eta birmoldatzeko. Aurka daudenek uste dute, berriz, legeak urte askotako ahaleginak ekarritako lorpenak xahutuko dituela, eskubideak urrituko dituela eta beti bezala ahulenek jasango dituztela ondorioak.

Frantzia herrialde eredugarria da arlo askotan, aberatsa da, gizarte zerbitzu bikainak ditu, estatuaren babesa handia da eta bertan jendea ondo bizi dela esan genezake, azken krisiak pobreak pobretu eta behartsu eta aberatsen arteko alde handitu arren. Baina, Frantziako gizartean eta mendebaldeko gehienetan eztabaida bera nagusitzen ari da: nola uztartu urtetako lorpenak, ongizate gizartea eta lehiarako gaitasuna.

Gai izango al dira mendebaldeko gizarteak  giza-eskubideen aitzindari izan, bizimodu egokia eskaini herritarrei eta guzti hori ordaintzeko mundu globalizatu honetan lehiakor izateko? Batzuek uste dute baietz, baditugula baliabideak eta prestakuntza, beste batzuk eskaini ezin dezaketena ekoiztu eta saltzeko; beste batzuen iritziz, aldiz, berandu baino lehenago mundua berdindu egingo da eta antzera izango dio Parisen, Moskun, Buyumburan edo Eskoriatzan jaiotzea.