albisteak
Atentatua Pakistanen
Gutxienez 52 hildako Pakistanen izandako atentatu suizidan
Erredakzioa
Atentatua Mohmad izeneko eskualde tribalean izan da, Afganistaneko mugan. Suizida batek bere karga bertako agintari baten eraikinean eztandarazi du, inguruan 150 pertsona zeudela.
52 pertsona hil dira eta ehundaka zauritu izan dira gaur Pakistanen, Mohmad izeneko eskualde gatazkatsuan. “Express TV” kate pribatuak aipatutako iturri ofizial baten esanetan, atentatua suizida batek egin du bertako administrazioko agintari baten eraikinean.
Iturri hauen arabera, erasoa Pakistanen 10:00etan zirenean gertatu da (05:00 GMT) Yakaghand izeneko herrian, Afganistaneko muga ondoan.
Uste denez, suizida motorrean gerturatu zen agintariaren eraikinera eta bere karga eztandarazi egin zuen inguruan 150 pertsona zituela. Hainbat auto, denda eta bestelako eraikinetan kalte garrantzitsuak izan dira eta poliziak eremua bere kontrolpean jarri du.
Ikerketa ofiziala zabalduko da
“Express TV”ren arabera, hildakoen artean gutxienez sei adingabeko eta “Khasadar” bertako poliziako sei kide daude. Zaurituei dagokienez, asko egoera kritikoan daude eta, inguruan dagoen erietxe gabezia dela eta, Peshawar hiriko ospitaletara eraman dituzte anbulantzian.
Yusuf Razá Guilani lehen ministroak atentatua gaitzetsi eta gertatutakoa argitzeko ikerketa bat abian jarriko duela esan du.