albisteak
Alacanten
Bikotea logaletu eta dirua lapurtzeagatik atxilotuta
Erredakzioa
46 urteko emakumeak 78 urteko bere senarra drogatu eta berarekin banketxera joateko bakarrik ateratzen zuen etxetik. Behin bertan, diru kantitate handiak ateratzera behartzen zuen.
Emakume bat atxilotu egin dute bere senarra 14 hilabetez etxean giltzapean eduki, botikekin logaleratu, eta banketxetik 250.000 euro ateratzera behartzeagatik.
Polizia nazionalaren arabera, emakume honek bere bikotea finka bat 270.000 eurotan saltzera behartu eta horietatik 250.000 euro banketxetik ateraraztea lortu zuen. Pertsona honekin batera bere etxe-langilea ere atxilotu dute, 49 urteko emakumea, sorospen-eginbeharra ez betetzeagatik.
Biktimak bere bikotea salatu zuen
Ikerketak, 78 urteko senarrak jarritako salaketaren ondorioz hasi ziren. Bere hitzen arabera, bere bikoteak, bera baino 32 urte gazteagoa, etxean sartuta egotera behartzen zuen eta berarekin kalera irteten bakarrik uzten zion banketxera joan eta diru kopuru handiak ateratzeko.
Poliziak aurkitutakoaren arabera, emakumeak medikuak agindu gabeko medikazioa ematen zion gizona erabat logaletuz. Horrela, egun osoan etxean sartuta edukitzea lortzen zuen eta banketxetik dirua ateratzeko bakarrik irteten ziren kalera.
Etxean egindako miaketaren ondorioz, "Noctamid" izeneko medikamentua aurkitu dute emakume uruguaiarraren gauzen artean. Botika hori logalea sortarazteko erabiltzen da. Horretaz gain, agurearen dokumentazioa, bost diru kartila eta hainbat jabetza higiezinekin erlazionatutako paperak aurkitu dizkiote.