albisteak
Manifestazioa Donostian
Milaka pertsona bildu ditu autodeterminazioaren aldeko manifestazioak
Erredakzioa
EA, Ezker Abertzalea eta Alternatibaren buruzagi nagusiak bildu ditu Donostiako manifestazioak "Nazio bat gara. Autodeterminazioa" lelopean.
Autodeterminazioaren alde eta Estatutaren epaiaren kontra antolatutako manifestazioak milaka pertsona bildu ditu Donostiako kaleetan. Guztiek Estatutak jasandako "tejerazoa" salatu dute eta independentziaren aldeko ohiuak bota dituzte EAk, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak egindako deialdian.
EAko Peio Urizar liderra, Unai Ziarreta alderdikidea, eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailearekin batera Ezker Abertzaleko hainbat agintari ezagun ere izan dira Donostian, besteak beste, Rufi Etxeberria, Joseba Álvarez, Inocencia Galparsoro, Jone Goirizelaia, Jon Gorrotxategi, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorra, eta Eugenio Etxebeste, "Antxon", ETAko buruzagi ohia.
Guztiak "Nazio bat gara. Autodeterminazioa" lelopean, eguzkia eta beroa lagun, abiatu dira Donostiako kaleetatik. Une batzuetan independentzia eta ETAko presoen aldeko ohiak entzun dira.
Manifestua, euskaraz eta gazteleraz
Manifestazioa El Antiguoko tuneletik abiatu eta Boulevardean amaitu da. Bertan Marian Beitialarrangoitia ANVko Hernaniko alkatesak eta EAko Juan Jose Agirrezabalak manifestua irakurri dute, lehenengoak euskeraz eta bigarrenak gazteleraz. Euskal Herria eta Katalunyaren borondatea neutralizatu, asimilatu eta banaezinezko unitate bat sortzeko Estatuak duen asmoa salatu dute.
Hori dela eta, ordezkari politiko, sozial eta sindikalei dei egin diete aliantzak egin, mesfidantzak gainditu eta norabide berean lan egin dezaten, bakoitzaren nortasuna eta berezko erritmoak errespetatuz.
Bartzelonako manifestariei laguntasuna adierazi ondoren, "Eusko Gudariak" abestuz eman diote amaiera manifestazioari.