Itxi

albisteak

Estatut

Zapaterok katalanen 'ardurei' irtenbidea aurkituko diela ziurtatu du

Erredakzioa

Hala ere, presidentearen hitzetan, Konstituzioak ez du erreformarik jasango, dagoen moduan deszentralizazioa eta autogobernua bermatzen dituelako.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuko presidenteak Auzitegi Konstituzionalaren epaiak Katalunian sortutako "ardurak" eta "zalantzak" argitzeko lan egingo duela adierazi du gaur. Era berean, Zapaterok, 1978ko Konstituzioaren eredua autogobernurako "erabilgarria eta aproposa" dela azpimarratu du.

PSOEko Batzorde Federalaren aurrean egindako hitzaldian, Kataluniak "bere autogobernua hedatu ahal izango duela" ziurtatu du eta Gobernuak Konstituzinalak esandakoa "errespetatu" egingo duela adierazi du.

Hala ere, Rodriguez Zapatero presidenteak Konstituzioa aldatzeko aukera guztiak uxatu ditu, nahiz eta Jose Montilla Kataluniako presidenteak hori eskatu. Zapateroren esanetan, Konstituzioa bera izan da deszentralizazioari eta autogobernuari ateak ireki dizkiona Estatuaren antolaketa bermatuz. "Eredu konstituzionala berretsi behar dugu", adierazi du.

Estatuaren antolaketa eta eskubide berdintasuna

Gobernuko presidentearentzat, Konstituzioak "eredu aproposa eta erabilgarria" islatzen du, "autogobernuaren garapena babestuz", "Estatuaren antolaketa zuzena" bultzatuz eta herritarren "eskubide berdintasuna" bermatuz. Bere esanetan, Espainiaren "deszentralizazioa" da, hain zuzen, Konstituzioaren sendotasun eta indarraren adibiderik nabarmenena.

Atonomia estatutuen erreforma prozesuak ere adibide gisa erabili ditu Zapaterok. Bere ustez, eraberritze hauek espainiar Estatuaren aniztasuna erakusten du. Horregatik eredu konstituzionalean konfiantza osoa izan behar da, "autogobernu zabala eta berdintasuna bermatzen dituelako".