Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Ohiko susmagarriak Errusian

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Txetxeniarrak izan litezke egileak, edo Estatu Islamikoarekin lotutako jihadistak, edo Errusiako mafia. Argi dagoena da atentatua ez dela 'otso bakarti' batek egindakoa.

Errusian hildakoak eragiten dituzten atentatuak egiten dituztenean, egiletzari buruzko sumo bat baino gehiago pizten da. Txetxeniarrak izan litezke; izan litezke Estatu Islamikoarekin lotutako jihadistak; izan liteke jihadismora batu nahi izan duen Errusiako edo inguruko errepublikaren bateko herritarren bat. Eta izan liteke, baita ere, Errusiako mafiekin lotutako erasoa.

San Petersburgoko Metroan izandako hau, ordea, argi dago ez dela "otso bakarti" batek egindakoa izan; erakunde bat dago atzean, leherrarazi zutenaz  gain, beste bonba bat jarri zutelako beste tren batean.

Txetxeniarrek aurretik ere eginak zituzten erasoak Moskuko Metroan, baina azken aldian ez ziren jardunean ari. Jihadistek, aldiz, Errusia zigortu egin nahi dute Al-Assad Siriako presidenteari Putin ematen ari zaion laguntza dela eta. Eta jihadistek, egin kontu, izango dituzte, seguru, boluntarioak Kaukason edo Sobiet Batasun ohiko kide izan ziren Erdialdeko Asiako beste errepublika batzuetan ere.

Argi dagoen bakarra da, haren kokapen geografikoa eta haren mugen zabalara kontutan hartuta, segurtasun arazo latza daukala Errusiak.