Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Zuzena eta okerra

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Egiptoko 'udaberri arabiarra'ren aurrean Mendebaldeak izandako jarrera harrigarria iruditu zitzaigun, baina gerora gertatutakoek lotsa sentiarazi ziguten.

Hitz berak esanahi ezberdina izan lezake hiztunaren arabera. Hizlaria ezagutzen badugu gainera, esan gabekoak adierazitakoak baino garrantzi handiago duela ohar gintezke. Baina azken finean hizkuntza hiztunen arteko hitzarmena da, pentsatu, entzun edo ikusten duguna jakinarazi eta ulertzeko. Hitz batzuek esanahi anitza izatea ez da harrigarria, baina malgutasuna asko zabaldu beharko genuke hitz berak kontzeptu erabat kontrajarriak azaldu diezazkigun.

Herrialde arabiarretan  "udaberria" deitu genion mugimendua sortu zenean hitzetik hortzera entzuten genituen demokrazia eta giza eskubideak. Estatu Batuek eta Mendebaldeak zuzenean eta ezkutuan laguntza eman zieten, urteak agintean egin zituzten buruzagiak botatzeko ahalegin haiei. "Urtetako eta mendetako zapalkuntza eta demokrazia ezaren ondoren, jendeak, herriak askatasun egarria zeukan, berari zegozkion arazoetan parte hartu nahi zuen, gizarte ireki eta libreak lortzeko ahalegina egiten ari ziren, eta guk ezin genien laguntza ukatu".

Herrialde eta egoera bakoitza ezberdina izanik, ezinezkoa da maila berean jartzea lurralde asko astindu eta itxuraldatu dituzten mugimendu hauek, baina guztietan adierazitakoa eta egindakoa ezberdinak izan dira, eta Mendebaldeak izandako jokaera harrigarria, esanahi asko duen kalifikatzailea erabilita. Baina Egipton gertatutakoak nahasmena harridura bihurtu zuen, harridura txundidura, eta txundidura lotsa. Agintean 30 urte egin zituen Hosni Mubarak presidentea botatzea zilegi eta bidezkoa zela iruditu zitzaigun. Bere kontrako mugimenduei laguntza eta babesa eman genien. Gure komunikabideek "Faraoiaren" ustelkeria, lapurretak, errepresioa, giza eskubideen aurkako erasoak, behin eta berriz argitaratu eta salatu zituzten.

Egiptoko gizarte anitza altxatu eta borroka gogorren ondoren, Mubaraken aldekoak menderatu, presidentea bota eta bide berriari ekin zion. Herrialde honen historian lehen aldiz hauteskunde demokratikoak egin zituzten eta irabazleak Anaia Musulmanak izan ziren. Mohamed Morsi izan zen era demokratikoan aukeratutako lehen presidente egiptoarra. Berak demokrazia, parte hartzea eta hauteskundeak aldarrikatu zituen behin eta berriz, baina agintera iritsi zenean ohartu ginen esaten zuenak eta adierazi nahi zuenak ez zutela esanahi bera. Legeak aldatzen hasi zen, eta ohartu ginen sinismenak eta Jainkoaren aginduek garrantzi eta indar handiagoa zeuzkatela pertsonon iritziek, adierazpenek eta elkarrizketaren bidez lortutako hitzarmenek baino. Erabaki genuen hori ez zela demokrazia, ezin genuela onartu baten batek hauteskundeak, demokraziaren adierazle nagusia, demokrazia hori deuseztatzeko erabiltzea…

Egipton gaur egun Abdul Fatah Al Sisi jenerala da agintari gorena. Estatu kolpea eman zuen, gure ikerketa zerbitzuen arabera, Estatu Departamenduaren txostenen arabera giza eskubideak muga gabe urratu ditu, torturak eta hilketak ohikoak dira komisarietan, oposiziorik ez dago… biziarteko kartzela zigorra jaso zuen Mubarak aske utzi dute.