Itxi

albisteak

15 milioi artikulu

Wikipediaren fidegarritasuna, kezka nagusia

Erredakzioa

Edukiak gero eta zuzenagoak izateko lanean ari direla adierazi du online entziklopediaren sortzaileak elkarrizketa batean.

Wikipediaren kezka nagusienetakoa bere fidagarritasuna bermatzea da, Jimmy Wales bere sortzaileak La Republica egunkarian egindako elkarrizketan jakitera eman duenez. Online entziklopediako edukien zuzentasuna bermatzeko, asmo gaiztoko informazioa ekiditen duen adituen talde bat dago, azaldu du Walesek. Edukiak gero eta zuzenagoak izateko eta errealitatearekin bat egiten dutela bermatzeko lanean ari dira. Izan ere, Walesen ustez, Wikipediak ezagutza partekatzeko duen ahalmena "hezkuntza prozesuei egiten dien ekarpen nagusia da".

200 hizkuntzatan Wikipedian idatzitako 15 milioi artikuluak ia lau milioi bisita dituzte hilero. Informazioa partekatzeko kolaborazio tresna bezala sortu zen online entziklopedia, baina izugarri hazi da eta laster bulego bat zabalduko dute Indian Asian dituzten operazioak zabaltzeko.

Walesen iritziz, teknologia berriak oso tresna erabilgarriak dira herrialdeen eta enpresen hazkunderako. "Enpresa gizonek gai eta tresna oso erabilgarriak aurki ditzakete bertan, negozioen eraginkortasuna eta produktibitatea handitzeko egin dezaketenaren inguruan ezagutza hobea izaten lagungarri baita", azaldu du.