albisteak
EPE
Jaurlaritzaren lan-eskaintza publikoa: 35.000 hautagai 419 posturako
Erredakzioa
Jaurlaritzak eskaintzen dituen menpeko langile, administrari eta administrazio-laguntzaile lanpostuak betetzeko azterketak egiten ari dira BECen.
35.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena Eusko Jaurlaritzak deitutako Enplegu Publikorako Eskaintzan (EPE) parte hartzeko. Barakaldoko BECen hasiko dituzte azterketak asteburu honetan, menpeko langile, administrari eta administrazio-laguntzaile lanpostuak lortu nahi dituzten hautagaiek.
Administrazio-laguntzaile lanpostuetarako probak gaur, 15 :30ean, hasi dira. Larunbatean, irailaren 25ean, 10:00etan, menpeko langile lanpostuetarako azterketak egingo dituzte, eta administrari lanpostuetarakoak, berriz, 16:00etan.
Hautagai guztiek boligrafoa eta nortasuna egiaztatzeko agiri bat (NAN, gidabaimena edo pasaportea) eraman behar dituztela gogorarazi dute antolatzaileek. Halaber, BECera heltzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, eta proba hasi aurretik denbora nahikoarekin joateko.
Oharrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du, minusbaliotasunen bat dutenei azterketak egitea errazteko ahalegin "berezia" egingo dutela. Besteak beste, azalpenak zeinu hizkuntzan ere emango dituzte, eta elbarritasun ezberdinei egokitutako azterketak egongo dira, baita laguntzaileak eta altzari egokituak ere.
Probak amaitu ahala zuzenduko dituzte eta emaitzak IVAPen web orrian (www.ivap.euskadi.net/ope) argitaratuko dituzte, amaitu eta lau ordutara, gutxi gorabehera. Lehen azterketa gainditzen dutenek hizkuntza ereduak egiaztatzeko azterketa egin ahalko dute, azaroan seguruenik, eta deialdiaren oinarrietan azaltzen diren merituak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.