Itxi

albisteak

Elkarrizketa, eitb.com-en

Alex Sardui:'Diskoa egitea erditzea da; zuzenekoa umea hazten ikustea'

Bea Sever

Gatibuko abeslariarekin hitz egin dugu disko berriari azken ukituak ematen dizkion bitartean. Bere dantza adierazgarria ikusteko aukera asko izango dugu, Gatibuk ez dauka eta amaiera datarik.

  • Alex Sardui

    Alex Sardui

Noiz sortu zitzaizun kantatzeko grina?
Zorionez, etxean beti ezagutu izan dut. Aitak eta osabak eta, beti kantatu izan dute eta etxean ikasi izan dut, eurekin abesten. Dotore egiten genuen! Esango nuke txiki-txikitatik datorkidala afizioa.

Aita izango zara berriz ere eta ezkondu egingo zara. Musikan nabarituko da "nagusitu" egin zarela?
Ez, nik gauzak ez ditut nahasten. Musika gauza bat da eta bizitza beste bat da. Izan daiteke batzuetan bizitza islatzea letretan, baina, ez, zentzu horretan ez. Esperientzia batzuk idazten dira eta beste batzuk bizi egiten dira.

Ia hiru urte eman dituzu "Bi errepidean" saioa aurkezten. Zelakoa izan da esperientzia?
Ona. Niretzako oso ona, pertsona moduan. Telebista-saio moduan, hiru urte iraun du, horren ostean ezetz esan digute eta hori horrela da. Baina pertsona moduan, ia astero joaten ginenez baten batengana, ba ufa!. Ikaragarria izan da. Ezagutzen duzu denetariko jendea, gauza ezberdinak egiten dituztenak, eta gauza horien ideia bat hartzen duzu, ikasten duzu. Oso gustura ibili naiz eta horrelako zer edo zer berriro egingo nuke arazo barik.

Saioa amaitu dela, musikatik bizi zara orain?
Bai, bizi edo (kar-kar). Antzerkigileek, idazleek eta musikariek arriskuak hartu behar ditugu bizitzan, ez da beste lan baten modukoa. Lan batean finko zaude edo ez zaude, baina badakizu zenbat denborarako daukazun eta zenbat kobratuko duzun. Musikan lan egin behar duzu eta datorrenari eutsi; momentu onak egoten dira eta momentu txarrak.

Eta orain txarra egokitu da, ezta? Zelan ikusten duzu egun musikaren industria?
Oso txarto! Inoizko egoera txarrenean dago. Euskal musikak ez du saltzen. Kontzertuek ere behera egingo dute krisiarekin, udalek eta abar lehendabizi mozten dutena horixe izaten delako, kultura arloa. Arazoak edukiko ditugu, bai guk eta bai beste askok ere. Baina talde berriek dute arazorik gehien. Talde berrietan inbertitu egin behar da eta orain diskoetxeek ez dute horrenbeste dirurik. Lehen, talde batzuek errendimendua ateratzen zuten eta diru horrekin diskoetxeek beste talde batzuen alde apustu egiten zuten. Orain ez dago horrelakorik, orain estutu egin dira larregi.

Zuek beste batzuek baino suerte hobea duzue; jendeak Gatibu maite du, antza. Horren isla, Gaztea saria hainbatetan irabazi duzuela.
Bai, hiru aldiz. Iragan urteko diskorik onena eta abestirik onena ditugu eta beste bat "Alkondarie" abestiagatik. Hori beti eskertzen da. Hori jendeak entzun duen seinale da, gustuku izan dute eta zugatik botoa eman dute, zuregan konfiantza izan dute. Baina, bueno, gauza horiek badakizu zelakoak diren, futbolean moduan; gauza bat da gaur irabaztea, baina bihar ere lan egin behar da. Honek ez dauka amaierarik eta horretan ematen dugu denbora.

Euskal Herritik kanpo jotzen duzue? Zelan hartzen zaituzte?
Ondo. Aurten Madriletik, Bartzelonatik, Asturiasetik eta Valentziatik ibili gara. Galiziatik ere sortu zen aukera, baina datak zirela eta, gauza asko mugitu behar ditugunez, jende asko garenez, ezin izan dugu egin. Baina besteetan, harrera ona. Bartzelonan, adibidez, 350 sarrera egon ziren saltzeko, 350ak saldu ziren eta jendea geratu zen kanpoan. Eta giroa, kristorena! Euskaldunak batzen garenean... Madrilen ere euskaldunak batzen garenean... jaia ez digu kentzen, inork ez!

Zer da politagoa: sormen lana, kantak erditzea, edo zuzenean jotzea?
Erditzea izango litzateke diskoa egitea, behin umea erditzen duzunean, hazi egin behar du. Umea edo diskoa babesgabe dago zuk ez baduzu defenditzen. Nik esango nuke zuzenean jotzea ume hori hazten ikustea dela eta sortzea bizitza ematea dela.

Exkixuko lehendabiziko lanetik orain arte teknikoki kalitatea igo eta igo egin da. Hobetzeko tarterik baduzue oraindik?
Topera inoiz ez zara iristen. Beti egoten dira hobetzeko kontuak, bai letren aldetik eta bai musika aldetik, base aldetik, gitarra aldetik... Hor lan bat egoten da eta hori ezin da egin barik utzi, serioak izan behar dugu horretan. Ikusten baduzu produktua aprobetxatzeko aukera dagoela, lan egin behar duzu, eta ikusten baduzu ez dagoela, ba kendu. Ideiak garbi eduki.

Atzera begira, zer eskertu behar diozu Exkixuri?
Nik Exkixun ikasi egin nuen. Geuk maketak egin, geuk saldu, geuk kontzertuak lortu, geuk diskoetxea topatu... lan horiek guztiak egiten genituen. Hori eskertzen diot Exkixuri gauza guztien gainetik. Bidean ipini nintzenean zelan sufritu nuen eta orain zelan nagoen eta zelako gauzak ditudan eta zelan disfrutatzen dugun... Lan horiek egiteak eman zidan oinarria. Gero, hiru-lau urte zoragarri pasa genituela taldearekin Euskal Herriko alde batetik bestera. Behin ospetsu egin ginen, nik ez nuen pentsatzen inoiz ospetsu egingo nintzenik, eta Exkixuri eskerrak jende askok ezagutu gintuen eta horrek ate asko zabaldu dizkigu.

Zazpi urte egin dituzu jada Gatiburekin. Noiz arte?
Musikak ez dauka amaierarik. Talde bat dago, sistema bat dago, lan egiteko era bat dago, eta hori apurtzen denean egoten da arazoa. Gu orain arte ondo konpontzen gara, gauzak aurpegira esaten ditugu eta hori eskertzen da. Azken batean, lortzen dena zera da: denak ados egotea. Postura bat hartzen dugunean disko bategatik, abesti bategatik, zuzeneko era bategatik edo tekniko batzuengatik, aukera hori denon artean egiten dugu. Bat egitea da garrantzitsuena jarraitzeko. Beraz, "sin fecha".

Une honetan, zertan ari zara?
Aste honetan Haimar sartuko da gitarra grabatzera. Pasa den asteburuan baseak grabatzen egon gara eta Haimar sartzen den momentuan nik prest egon behar dut abesti berriak grabatzeko. Hiru abesti berri grabatuko ditugu diskoan, baina zuzeneko diskoa aterako dugu, 2009. urteko birarena. Durangoko Azokarako egongo da.

Zure dantzatzeko estiloak jarraitzaile asko izan ditu. Entseatzen duzu?
(Kar-kar) Gazte-gaztetatik egin dut dantza horrela. Ez da izan ikasi dudan gauza bat. Karakteristikoa dela esaten didate, ni ez naiz konturatzen. Batzuetan ikusten dut jendea kalean eta keinua egiten didate. Barre egiten dut, nahiko graziosoa da.