Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Xi ez da Mao, tematzen den arren

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Halere, Txinako Alderdi Komunistako egungo presidenteak lortu egin du bere pentsamendua Maoren pare jasotzea Txinako Konstituzioan.

Txinaren historian zein garrantzia izan duten begiratuz gero, ez dago dudarik  Xi Jinping eta Mao Zedong inolaz ere ez direla neurrikoak. Eta, hala eta guztiz ere buruzagi historikoaren parera igo du kasik Xi Jinping Txinako Alderdi Komunistak. Hemendik aurrera, Xi Jinpingen pentsamendua Maoren pentsamenduaren ondoan jasoko du Txinako Konstituzioak, derrigorrez ikasi beharko dute Alderdi Komunistako ia 90 milioi militanteek, eta eskoletan ere erakutsi egingo dute.

Eta... zer dio Xi Jinpingen pentsamenduak? Bada Txinan Alderdi Komunistak jarraituko duela agintean, eta beste alderdiei lekurik utzi gabe, Alderdi Komunistak eramango duela Txina munduko lehen potentzia izatera 2040 urterako: lehen potentzia maila guztietan, baita militarrean ere. Eta lehen potentzia sozialista izango dela, gainera: aberastasuna denen artean banatzen jarraituko duena.

Hori dio Xik, baina hori ez du Xi berak ere sinisten. Eta ez du ezer esaten, adibidez, gizarte aldaketari buruz, edota Txinan emakumeak duen presentzia eskasaren aldaketaz. Alderdi Komunistan bertan, militanteen laurdenak baino ez dira emakumezkok; politburoko 25 kideen artean, bi baino ez dira andrazkoak, eta politburo iraunkorrean, benetan agintea duen erakundean, emakume bakar bat ere ez dago.