Itxi

albisteak

Elkarrizketa, ETBn

Maneiroren ustez 'betebehar etikoa' da ETAko presoen argazkiak kentzea

Erredakzioa

UPyDko parlamentariak ETBn adierazi duenez, kartel horiek biktimak umiliatzen dituzte beti. Enplegu politikak transferitzearen kontra ere azaldu da.

Gorka Maneiro Union, Progreso y Democracia alderdiko legebiltzarkideak adierazi duenez, ETAko presoen argazkiek "beti umiliatzen dituzte biktimak eta herritar guztiak"; beraz, Herrizaingo Sailak "zero tolerantzia" izaten jarraitzeko borondatearen alde agertu da, "betebehar etikoa" baita.

Horixe izan da UPyDk Eusko Legebiltzarrean duen ordezkariak Auzitegi Nazionalaren Txori Barroteren inguruan emandako epaiari buruz esan duena, ETBko "Egun on, Euskadi" saioan egindako elkarrizketan. Txozna horretako arduradunak errugabetzat jo ditu Auzitegi Nazionalak Bilboko jaietan ETAko presoen argazkiak erakusteagatik terrorismoa gorestea leporatu ostean.

Maneiroren iritziz, presoen argazkiak jartzen dituztenean ez dute presoaren "alde pertsonalaren alde egin nahi"; hori baino, ETAk egindako ekintzen "aldarrikapena" da, bere ustez.

Bestalde, Maneiroren esanetan, enplegu politika aktiboak Euskadira ekartzeak "elkartasuna hausten du, ez da bidezkoa eta diskriminatzailea da", Euskadira fondoen %6,24 ekartzen delako "langabeen %3,1i laguntzeko". Legebiltzarkideak gaineratu duenez, "autogobernu gehiago ez da beti ongizate gehiago".

Halaber, bete gabe dauden Gernikako Estutuko eskumenak ekartzea ezin da "helburu gorena izan, zertarako eta zein egoeratan egiten den jakin beharra dago", adierazi du. "Herritarren arteko elkartasuna eta berdintasuna beste edozein gauzaren gainetik dago", azpimarratu du.

Azkenik, Jose Luis Rodriguez Zapaterok "EAJri izan behar ez duen protagonismoa ematen ari diola", esan du, "eskumena gobernuek negoziatu behar dutelako" eta EAJrekin eginez, Patxi Lopez lehendakaria "baztertzen" ari baita.