albisteak
Saria
Guillermo Fariñas kubatar disidenteak irabazi du 2010eko Sajarov saria
Erredakzioa
Kazetari eta psikologo kubatarra uharteko oposizioaren ikur bihurtu da, azken urteotan hogei gose greba baino gehiago egin baititu.
Guillermo Fariñas disidente kubatarrak jasoko du aurten Europako Parlamentuak kontzientzia-askatasuna nabarmentzeko urtero ematen duen Sajarov saria. EBko hogeita zazpi herrialdeetako Atzerri ministroak Europako Batasunaren eta Kubaren arteko harremanak aztertzeko bildu eta egun gutxira dator izendapena.
Euroganberako indar kontserbadoreek bultzatu dute Fariñasen hautagaitza, eta beste bi finalistei gailendu zaie, azkenik: Breaking the Silence (isiltasuna hautsiz) gobernuz kanpoko erakunde israeldarra eta Birtukan Mideksa emakume politikari etiopiarra.
Kazetari eta psikologo kubatarra Europako Parlamentuak saritu duen hirugarren disidente kubatarra da, 2002an Oswaldo Payari eta 2005ean Las Damas de Blanco (zurizko damak) elkarteari eman baitzieten Sajarov saria.
Coco ezizenez ezaguna, Fariñas Kubako oposizioaren sinbolo bihurtu da azken urteotan, hogei gose greba baino gehiago egin baititu irlan askatasun gabezia dagoela salatzeko.
Saria emateko zeremonia abenduan izango da Estrasburgon (Frantzia).