albisteak
Eusko Legebiltzarrean
Atzera bota dute enplegu eskumena berriro negoziatzeko PPren mozioa
Erredakzioa
Popularrak baino ez dira alde agertu. EBren babesa eta EAJren abstentzioarekin, PSE-EEren helegitea onartu dute, Lopezi 2011 baino lehen transferentzia betetzea eskatzeko.
Enplegu politika aktiboaren hainbat atal berriro negoziatzeko PPk Jaurlaritzari egindako mozioa atzera bota du Eusko Legebiltzarrak. Eskera horretan, euskal gizartearen ekonomia kaltetu eta Gizarte Segurantzaren kutxa bateratua apur ditzaketen enplegu politika aktiboaren atalak berriro negoziatzeko eskatu diote popularrek Gasteizko Gobernuari.
Mozioak PPren babesa baino ez du jaso eta beste talde guztiek kontrako botoa eman dute. Horren ordez, PSE-EEren emendakina onartu dute, EBren aldeko botoarekin eta EAJren abstentzioari esker. Emendakin horren bidez, enplegu politika aktiboen eskumena 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen martxan jartzeko eskatu dio Legebiltzarrak Lopezen Gobernuari, beti ere, Kontzertu Ekonomikoari jarraituz, Gizarte Segurantzaren kutxa bateratua apurtu gabe.
EA, UPyD eta Aralar taldeen beste emendakin batzuk ere bozkatu dituzte, baina atzera bota dituzte guztiak.