Itxi

albisteak

Bilbobuseko greba

Jendea zeramatela, autobusei erasotzea leporatu die Veoliak piketeei

Erredakzioa

Enpresaren esanetan, erasotako hamar autobusetatik bik, barruan bidaiariak zeramatzaten piketeek kontra egin zietenean. Enpresa batzordeak erasoekin zerikusirik ez duela esan du.

Veoliak, Bilbobuseko enpresa emakidadunak, bidean zeuden hamar ibilgailu eraso izana leporatu die piketeei. Horietako bi bidaiariak zeramatzaten, eta horrek "jendearen segurtasuna eta osotasuna arriskuan jarri du", enpresaren esanetan.

Enpresa batzordeak, bere aldetik, gai horrekin zerikusirik ez duela esan du, eta autobus guztiak kotxe-tokietatik arazorik gabe irten direla adierazi du; ez dakitela beste leku batzuetan erasorik izan dituzten.

Udaltzaingoan eta Ertzaintzan salaketa jarri du enpresak. Veoliaren arabera, zazpi autobusei kristalak hautsi dizkiete, eta beste biri arrautzak bota. Gainera, ibilgailuetako bi bidaiariak barruan zituztela eraso egin zituzten Veoliako arduradunen hitzetan.

Bilbobus, Bilboko autobus garraio publikoko langileak mugagabeko greban daude iragan asteartetik. Sindikatuen esanetan, enpresa emakidadun berriak hitzarmena betetzen ez duelako deitu dute greba. Enpresak, berriz, hitzarmena sinatzeko presio moduan deitu dutela adierazi du, eta langileen helburu bakarra soldatak igotzea lortzea dela.