Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Populismoa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Mundu guztiko politikagintzan azken urtetan hitzetik hortzera darabilgun joera politiko honek benetako nahasmena sortu du. Erabileraren erabileraz mespretxuz bete den hitza bihurtu da.

Mundu guztiko politikagintzan azken urtetan hitzetik hortzera darabilgun joera politiko honek benetako nahasmena sortu du. Erabileraren erabileraz mespretxuz bete den hitza bihurtu da, baten bati buruz “populista” dela esaten badiogu gauza onik ez duela adierazten ari gara.

Ez da beti horrela izan, garai batean herria erakartzeko egindako politikari deitzen zitzaion, aldeko kutsua zeukan eta asko ziren euren burua populistatzat aldarrikatzen zutenak. Baina garai nahasi hauetan politikagintzak orain dela urte gutxi pentsatu gabeko bideak jorratu ditu. Krisiaren eta zailtasunen ondorioz, “agintari indartsua” bilakatu zaigu politiko eraginkorraren eredu. Ez du horrenbeste axola zer dion, zer pentsatzen duen edo eskubideak errepetatzen dituen, erabakiak hartzeko gai da, ekonomia bideratzen daki eta bere herria harro egon daiteke horrelako buruzagia izateagatik. Errusia, Txina, Turkia, Estatu Batuak… gobernu eta sistema ezberdinak izan arren, horixe aldarrikatzen dute, eta itxuraz herritar gehienak ontzat ematen dute eskeintzen zaiena.

Europar Batasunean aldiz aspaldikoak ziruditen ideologiak indartzen ari dira itxuraldatuta bada ere. Beti iraganaren oihartzuna izango zela uste genuena, modernotasunaren adierazle ei da. Herrialde batzuetan, ideia eta mezu zaharkituenak herritar multzo zabalen aldeko jarrera lortzen ari dira. Aspaldi bagenekien ez direla egia, paradisua agindu zutenek infernua ekarri zutela lurrera, baina itxuraz arriskua sumatzen dugunean gure burua engainatzeko neurrigabeko ahalmena dugu eta okerrena bideragarri bihur genezake. Oso zaharrak diren mezuek, hala ere, ustekabeko ondorioak dituzte, irabazi gabe garaipena lor lezakete.

Eskuin muturreko taldeek indarra lortu duten herrialdetan, beste alderdiek oinarrizko eskubideak eta arauak erreibindikatu eta demokrazia benetakoa izan dadin ezinbestekoak direla aldarrikatu beharrean, alderdi horien tesietara hurbildu dira, beraiek eskatzen dutenaren antzerakoa eskatzen dute muturreraino joan ez badira ere, baina onartezinari zilegitasuna emanez.

Esan ohi da ekintzak epaitu behar ditugula, hitzen askatasunak ahalik eta muga txikiena izan beharko zukeela eta pentsamenduak ez duela deliturik egiten. Baina “populismoa” omen den horrek tokiz aldatu ditu mugiezinak ziruditenak, gero eta zailagoa egiten zaigu mezuen kutsua eta edukia bereiztea, eta horrek eraman gaitzake zuzena eta okerra, zilegi dena eta onartezina, demokrazia eta inposizioa nahastera. Eta larriagoa litzatekeena, pentsa genezake gaur egun duguna betiko dela, musu-truk eman digutela eta denboraren amaiera arte iraungo duela.