Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Arazoak eta erantzunak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Europarrok galdera hauei erantzun behar diegu migrazioaren inguruan: Zer egiteko prest gaude? Zer onartzeko gai izango gara? Norainoko konpromisoa hartuko dugu?

Buruhauste handiren bat ustekabean iristen bazaigu, gaixotasun larriren bat dugula adierazten digutenean, konponbide guztiak itxita daudenean, gehienok erantzun bertsua ematen omen dugu. Lehendabizi gertatzen ari dena ukatu, etorri den bide beretik joango delakoan gu konturatu gabe. Ondoren, apurka, apurka onartzen hasten gara, zorigaitza barneratzen. Hirugarren pausoa ei da irtenbidea bilatzea edo egokitu zaigunaz bizitzen ikasi.

Horiek izan ohi dira pertsonon jokaeraren ezaugarriak, baina itxuraz pertsonez osatutako erakundeenak erabat ezberdinak dira. Bere ordezkariak hauteskundeen bidez aukeratzen dituzten herrialdetan, epeen auziak errealitatea itxuralda lezake, garrantzitsuagoa izan litekeelako noiz eta nola egin, zer egin baino. Horren ondorioz, arazo batzuk konponezinak bilakatzen dira, eskatzen duten erantzunak legealdi bat baino gehiago eskatzen dutelako eta oso gutxi direlako euren postua edo etorkizuna arriskuan jartzeko prest diren politikoak, taldearen interesak berearen gainetik ipiniaz.

Europar Batasunak gaur egun arazo asko eta handiak ditu, ekonomikoak, antolaketari lotutakoak, gizarteak zahartzeak eragindakoak… Baina zalantzarik gabe handiena eta denboran gehien iraungo duena migrazioarena da. Urteak dira beste kontinente batzuetako jendea oldeka iristen hasi zitzaigula. Aldiro-aldiro gatazka, gerra edo leherketaren baten ondorioz, jende mugimenduak sortzen dira, mugimendu horien jomuga nagusietako bat Europa da. Siriako eta Libiako gerrak, Udaberri Arabiarra, Afrikako gosea… Une bakoitzean ezberdina izan da jendea mugiarazi duen arrazoia. Baina hemendik aurrera ez da eragile zehatzik beharko jendea trumilka lekualdatzea.

Afrikak gaur egun 1.200 miloi biztanle ditu, 30 urte barru bikoiztu egingo da jende kopurua, gehienak gazteak izango dira, etorkizunik gabeko gazteak, galtzeko bakarra bizitza izango dutenak, eta gazte horiei eusteko hesiak eta itsasoa ez dira nahikoa izango. Europarrok ezin dugu pentsatu ez dela gure arazoa, etorri bezala joango dela. Lehenbailehen galdera batzuei erantzun beharko diogu: Zer egiteko prest gaude? Zer onartzeko gai izango gara? Norainoko konpromisoa hartuko dugu? Gobernuek erabakiak hartu beharko dituzte, baina gutariko bakoitzak aitortu beharko dio bere buruari noraino iristeko prest dagoen. Erabakiak berehalakoak behar dute izan eta gizarteek hartu behar dituzte, iritsiko diren guzti horiek gure artean biziko direlako, asko izango direlako eta ez delako batere erraza eta erosoa izango bizikidetza.

Arazoak urruti daudenean, gure bizimodua arriskuan jartzen ez dutenean, erraza zaigu jator azaltzea. Datorkigunak ez digu horretarako aukerarik emango.