albisteak
Iruña
Bi urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra mediku bati jotzeagatik
Erredakzioa
Medikuak emazteari egiten ari zitzaion azterketa egokia ez zela iritzita, profesionalari eraso egin zion akusatuak.
Tuterako Reina Sofia Ospitaleko mediku bati erasotzeagatik gizonezko bat zigortu dute. Medikuak emazteari egiten ari zitzaion azterketa "egokia ez" zela iritzita, profesionalari eraso egin zion akusatuak.
Tuterako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura jo zuten auzipetuak eta haren emazteak. Emakumea ez zen ondo aurkitzen eta sabelaldean min zuen, ondorioz, azkar artatzeko eskatu zuen.
Medikuak pazientearen miaketari ekin zion "protokoloari jarraituz". Sabelaldea aztertu eta ukitu zion, eta baita auskultazio toraziko eta kardiakoa egin ere. Gongoilak eta pultsu femoralak aztertu zizkion emakumeari.
Azterketa hori egokia ez zela iruditu zitzaion auzipetuari eta funtzionarioari oihukatzen hasi zen. Era berean, ukabilkada bat eman zion lurrera botaz.
Nafarroako Medikuen Elkarteak gaur jakitera eman duenez, azterketa medikua desegokia izan zenik ukatu du epaileak sententzian. Izan ere, lekukoen eta auzitegiko medikuaren txostenaren arabera, egindakoa "egokia" izan zen eta jarraitu beharreko protokolo normalaren barruan sartzen da.
300 euroko isuna ordaindu beharko du akusatuak eta eragindako lesioengatik 60 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio medikuari.