Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Kaskarrekoa harresiaren kontra

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Mexikoko harresiaren bidez tranpa jarri dio Trumpek Alderdi Demokratak kontrolatzen duen Ordezkarien Ganberari. 5.000 milioi nahi ditu berehala eraikitzen hasteko, bestela ez du aurrekontua sinatuko.

Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Ordezkarien Ganbera berria historiako gazteena eta anitzena izango da, eta inoiz baino emakume gehiago izango ditu. Sekula ez dira izan arraza, erlijio eta sexu aniztasuna ordezkatzen duten hainbeste kide bertan. Horixe izan da, joan den azaroko hauteskundeen emaitza. Teorian, inoizko Ordezkarien Ganbera aurrerakoiena da. Hala ere, hasieratik, Trump presidenteak tranpa jarri dio Alderdi Demokratak ganberan duen gehiengo berriari, Mexikoko harresiaren bitartez.

Demokratek ez dute horri buruz hitz egin nahi, baizik eta lege berriak onartu, gizarte desberdintasuna murrizteko, gutxiengoen eskubideak bermatzeko, eta Obamak egin zuen eta Trumpek deuseztatu nahi duen osasun erreforma sendotzeko. Demokratek ez dute harresirik eraiki nahi Mexikoko mugan. Hala ere, Trumpek behin eta berriz dio, 5.000 milioi dolar nahi dituela harresia eraikitzen berehala hasteko. Ematen ez badizkiote, ez du gobernu federalaren funtzionamendurako aurrekontua sinatuko, eta horrek esan nahiko du Gobernuko bulego guztiek itxita jarraituko dutela, eta funtzionarioek, haien soldatak kobratu gabe. Kontu itsusia da. Demokratek ezin dute horretan amore emanez hasi, baina Trumpek erabakia du dagoeneko, Mexikoko harresia izango dela bere kanpainako puntu nagusia, 2020ko hauteskundeetan, eta beraz, berak ere ezin du atzera egin.