Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Parekotasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Aldarrikapenak eta legeak ezinbestekoak dira eskubideak babesteko eta lorpenetan aurrera egiteko, baina kasu askotan inportanteagoa da ekonomian menpekotasunik ez izatea.

Urtero, emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko eguna iristen denean, komunikabideok eraso fisiko eta psikikoen kontaketa egiten dugu, zenbat diren hildakoak edo babesa behar dutenak. Hori adierazi eta salatzea derrigorrezkoa da, baina azken finean sakoneko arazo zabalagoaren adierazle besterik ez da.

Munduari gainbegirada emango bagenio ohartuko ginateke herrialde ugaritan, gehienetan, emakumearen bazterkeria estrukturala dela, legetan, kulturan, harremanetan eta gizarte arauetan txertatuta dagoela alegia. Leku askotan emakumea zuzenean gizonaren menpe dago, gizarte arauak finkatzen dituen erlijioak hala agintzen duelako. Beste batzuetan aldiz, menpekotasun hori ez da begi bistakoa, legeak berdintasuna aldarrikatzen du, gizarteak barneratuta du sexua edo bakoitzaren joera ez dela inor zokoratzeko arrazoia, baina hala ere desoreka nabarmena da.

Historia luzeak finkatutako joerak balio etiko bilakatu direnean zaila izaten da aldatzea. Borondatea ez da nahiko, ezta legeak aldatzea ere. Pertsonok, gizonok eta emakumeok ezinbesteko baldintza behar dugu aske izan eta garatzeko, burujabetasun ekonomikoa. Gaur egun, Munduko Bankuak egindako azterketaren arabera sei herrialdek bakarrik aitortzen dizkiete gizonei eta emakumeei eskubide ekonomiko berdinak, eta guztiak europarrak dira.

Munduan zehar emakumeek zailtasunak dituzte lan merkatuan sartzeko eta lortzen dutenean, gehienetan gizonek baino baldintza okerragoak izaten dituzte. Arrazoi asko dago hori gertatzeko, eta batzuetan emakumeak berak hartutako erabakien ondorio da. Baina gehienetan gizarte antolaketan dauden sakoneko akatsak dira egoera hauek sortu eta areagotzen dituztenak. Aldarrikapenak eta legeak ezinbestekoak dira eskubideak babesteko eta lorpenetan aurrera egiteko, baina legea bezain garrantzitsua, eta kasu askotan inportanteagoa, pertsona bakoitzak erabakitzeko burujabetasuna izan dezan, ekonomian menpekotasunik ez izatea da.

Legeak eta arauak aurka izan arren, bere erabakiak hartzeko aukera duenak bere bidea egin lezake, aldamenekoaren baimenaren zain egon gabe. Erabaki lezakeenak, ez du beste baten borondatearen menpe egon behar.