Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Kontakizuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Kontaketa izanik inportanteena, beste guztiak bigarren mailakoak dira, gertatu denaren oinarri eta arima izan arren.

Azken urtetan gertatu direnen azterketa egiterakoan, irizpideak finkatzerakoan edo iragana egiaztatu nahian, badirudi garrantzi handiagoa duela pasa dena nola kontatzen dugun, benetan jazotakoak baino. Ez dago egia borobilik, baina hitz eta adierazpen batzuk gehiago hurbiltzen zaizkio beste batzuk baino. Sarri gainera egia osoa ez dena, gezur hutsa baino kaltegarriagoa izan ohi da.

Ziurtasunik gabeko garai ilun hauetan, ezinezkoa bihurtzen ari zaigu, informazio jario etengabean zuhurra, ziurra eta zentzuduna bereiztea. Kolpeka joan zaigun urtearen kronika egiterakoan, bakoitzak berea kontatuko digu, hura baita garrantzitsuena, mundua gugan hasi eta amaitzen delako, bestearen buruan jartzeko ahalmena eta gaitasuna badugu ere.

Baten batzuek jainkoaren izenean hil dute, legegile, epaile eta borrero bihurtuz .Beste batzuek, aldiz, Europaren kultura eta idiosinkrasia, beste jainko batek zabaldutako egietan dutela oinarria eta ukaezinak direla sinestarazi digute. Bada Jainkoaren izenean hitz egin diguna, egin duguna edo egin nahiko genukeena erabat onartezina dela erabakitzeko.

Mundua zorabio bortitzean murgildu den egun hauetan, sare sozialak ohiko zabortegia areagotu eta okerrenaren isla bilakatu dira. Anonimatuan ezkutatuta makurrenak ausardia erakutsi nahi digu, koldarrenak ilargiaren alde ezkutua agertu. Bizitza eta heriotza txantxa kontua dira, batik bat bestearenaz ari bagara. Kontaketa izanik inportanteena, beste guztiak bigarren mailakoak dira, gertatu denaren oinarri eta arima izan arren.

Zomorro ikusezinak gure, guztion ahulezia agerian utzi du, ustezko indarraren eta sendotasunaren miseria lau haizetara astinduz. Heriok gogoratu digu mugatuak eta erorkorrak garela. Ispiluak baditugu ,aurpegi zargalduaren beldurra zimurretan antzeman ahal izan dugu. Baina hala ere, baten batzuek izuaren etekina bilatu dute, garaipenaren atzetik joan dira guztiok galtzaile ginela ohartu nahi gabe, betiko trikimailu lotsagarriak erabiliz.

Gure ordezkari izateko aukeratutako asko, herritarren zerbitzura beharko zuketen erakundeetako arduradun ugari, borrokaren lehen lerroan izatera derrigortuta zeuden gehienak… ezer gertatu ez balitz bezala jokatu dute. Jarraibidea erakutsi beharko zigutenek, portaera tristeenak azaldu dizkigute. Gehienek ez dute tragediaren larritasuna antzeman. Jakin bazekiten zer zetorkigun, nolako ondorioak izango zituen, baina beste zerbait kontatu digute, eta guk gure ahulezian sinetsi egin diegu, beraien jokoan erori eta etsai bila hasi gara, hondamendiaren erantzukizuna gaiztoei egotzi nahian. Hau ere gertatu da zorigaiztoko urtean.