Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Txertoarenak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Zenbaitek bereari bakarrik begiratu diote, txertoak pilatzeari batzuek, etekina eta mozkinak ateratzeko ahaleginari, farmazeutikek.

Europar Batasunak, Elkartea osatzen duten gobernuek eta osasun arloko arduradunek txertoen kudeaketaz kritika zorrotzak jaso dituzte. Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Israelgo Gobernuek izandako jokaera azkar eta trebeaz alderatu dute Bruselak azaldutako portaera nahasi eta geldoa. Zenbait txertori buruz erakutsitako zalantzek, berriz, herritarren artean mesfidantza, kezka eta zalantza sortu omen dituzte. Guztia itxuraldatu eta hankaz gora jarri duen pandemia honek, gure ikusmoldea ere okertu eta desbideratu duela dirudi.

Ameriketako Estatu Batuek, Israelek eta Erresuma Batuak hasiera-hasieratik garbi izan dute zer nahi zuten, ahalik eta txerto gehien lortu, ordaindu beharrekoa ordaindu eta ahalik eta lehenbailehen bere herritarrak babespean jarri. Helburu horien atzetik jorratu beharreko hesi guztiak saihestu dituzte.

Europar Batasunak ere lehen momentutik adierazi ditu bere asmoak, 27 herrialdeko herritarrak ahalik eta azkarren txertatu, baina ahaztu gabe herrialde askok ezingo duela txertorik lortu. Horretarako Komisio Europarrak eta Frantziak, Osasunaren Mundu Erakundearekin batera Covax izeneko funtsa sortu dute. Ahalik eta txerto gehien egin eta munduan zehar banatzea da elkarte honen helburu nagusia.

Ziur aski Komisio Europarrak, konfiantza harrigarriaz egin ditu farmazeutika handiekiko akordioak, eta hauetariko batzuek ez dute agindutakoa bete. Horren ondorioz txertoak ez dira aurreikusitako epeetan iritsi eta banaketa nahi baino motelago doa. Baina behin eta berriz kexak azaldu dituzten horiek galdetu beharko liokete bere buruari, zein egoeratan egongo liratekeen gaur egun Espainia, Grezia edo Autonomi Erkidegoa gure kasa atera izan bagina txerto bila. Zer preziotan eta zer kopuru eskuratuko genukeen bakarrik negoziatu bagenu.

Pandemia honek erakutsi digu, egoera okerrenetan ere joera batzuk nagusitzen direla, jokabide zatarrenak azaleratzen zaizkigula. Krisiaren lehen hilabetetan herrialde guztien arteko lehia sortu zen derrigorrezko materialak eskuratzeko. Hemen ere harrotzeko ez diren pasarteak idazteko aukera izan genuen. Gero, txertoa lortzeko, miresteko moduko talde lana egin zuten gobernuek, laborategiek, adituek… Jarri beharreko dirua jarri zuten eta mugarik gabeko ahalegina egin. Baina gero bakoitzak, edo batzuek behintzat, bereari bakarrik begiratu diote, txertoak pilatzeari batzuek, etekina eta mozkinak ateratzeko ahaleginari, farmazeutikek.

Europar Batasunak ohi dituen arazo eta eragozpenak izan ditu oraingoan ere. Osasun eskumenak estatuenak dira, eta herrialde bakoitzean zatituta daude. Ahalegin orokorra eta bateratua egiteko, egitura eta antolaketa izan ohi dira buruhauste nagusiak, oraingoan, beste batzuetan bezalaxe hala gertatu da, helburua zuzenena bazen ere.