Itxi

Bilboko Aste Nagusia

Aste Nagusia 2012

Jaia bero-bero dabil jada, Bilboko Aste Nagusian

Erredakzioa

Virginia Berasategi pregoilariaren hitzek eta Nerea Orizaolak botatako txupina eman diote hasiera jaiari.

02:45
Heldu da Marijaia!
Milaka pertsona bildu dira Arriaga plazan, bero itogarria alde batera utzita, 2012ko Aste Nagusiari ongietorria eman eta Kepa Junkeraren 'Badator Marijaia' kanta abesteko.

Virginia Berasategi triatleta izan da pregoilari lanetan, eta "emakumezkoen edizioari" hasiera eman dio, "kalera irten eta festa topera bizitzeko" gonbitea eginda. Izan ere, Berasategiren hitzetan, krisi garaiak ez du festa oztopatu behar.

19:00ak aldera, Berasategik pregoia hasi du Arriagako balkoian, nabarmen hunkituta. Kirolariak jasotako "maitasuna" eskertu du, "munduan zehar nire Bilbo, nire Bizkaia eta nire Euskadiren ordezkari noan bakoitzean".

"Zeu zara Aste Nagusia" da aurtengo Aste Nagusiko leloa. Musika-zaleek estilo ezberdinetako kontzertuez gozatu ahal izango dute, zortzi eszenatoki jarri baitituzte aurten. Kontzertuetara 200.000 pertsona baino gehiago gerturatzea espero da.

Lekualdaketak

Antzerkiak kaleak beteko ditu aurten ere, eta Arriagako plaza eta Gas plaza eszenatoki erraldoiak bihurtzea izango dute helburu. Gainera, Deabru Beltzak taldeak bere 500. emanaldia eskainiko du asteartean, 22:15ean, eta ekitaldiaren bukaerak su artifizialen hasierarekin bat egiten saiatuko dira.

Berrikuntzei dagokienez, aurten Txikigunea eta Botika Zaharreko kontzertuak lekuz aldatu dituzte, Casilda Iturrizar parkera eta Itsas Museoko zabaldegira eramanez, hurrenez hurren. Txikiguneak egunero 5.000 ume hartzea espero da; iaz instalazioez 60.000 umek gozatu zuten, eta aurten zifra hori gainditzea espero dute antolatzaileek.