Bake prozesua
Otegiren barkamen eskaera
Presoek Otegiren barkamen eskaerarekin bat egitea espero du Urkulluk
Erredakzioa
EAJko presidentearen esanetan, Otegik biktimei barkamena eskatu izanak "arrazoia" ematen die damutu egin diren presoei.
-
Iñigo Urkullu EAJko presidentea. EFE
ETAko preso guztiek Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiaren barkamen eskaerarekin bat egitea espero duela adierazi du gaur Iñigo Urkullu EAJko presidente eta alderdi horren lehendakarigaiak.
Otegik "barkamena" eskatu die ETAren biktimei, hilabeteon Gara egunkariak argitaratuko duen elkarrizketa-liburu batean, eta "bihotzez" sentitzen duela azpimarratu du.
Hori horrela, Urkulluk "ongietorria" eman die buruzagi abertzalearen hitzoi, eta "benetakoak" badira, damutu egin diren presoei "arrazoia" ematen diela iritzi dio.
"Espero dut espetxeetan ETArekin lotuta dauden 500dik gora presoek ere [euren ekintzen] berrikusketa kritiko publikoa agertzea", adierazi du.
Lehendakarigai jeltzalearen ustez, aspaldi damutu ziren eta "aurrerapausoa emateko ausardia izan zuten" presoei "espetxe politika ezberdina" ezarri beharko lieke Espainiako Gobernuak.