Itxi

Herriak eta Hiriak

Aste nagusia

Aburtok, sexu- erasotzaileei: 'Jakin zeuen bila joango garela'

agentziak | erredakzioa

'Ez beti da ez. No es no' leloa du kanpainak, Marijaia ikur dela.

  • Alkatea, Konpartsekin batera, udaletxean. Argazkia: EiTB

Aste Nagusian sexu erasorik ez izateko kanpaina berria jarri du martxan  Bilboko Udalak eta, horren aurkezpenean, Juan Mari Aburto alkateak zera esan die erasotzaileei: "jakin zeuen bila joango garela".

Konpartsekin eta hiriko merkataritza elkarteko kideekin egin dute agerraldia Udaleko ordezkariek: " Ez zaituztegu nahi Bilbon, ez beste inon. Sobran zaudete. Ez etorri gure urira eta, baten bat balego bertan, jakin zeuen bila joango garela".

'Ez beti da ez. No es no' leloa du kanpainak, Marijaia, berriz ere, ikur dela. Kartelean, Marijaia ageri da, haserre, eta eskua aurrean duela.

Aburtoren esanetan, Aste Nagusiaz "gozatzeko, beharrezkoa da dibertsitate afektibo-sexuala eta lesbianen, gayen, transexualen eta intersexualen eskubideak errespetatzea, adierazpen askatasuna eta segurtasuna izan dezaten jai hauetan".

"erasoak zein imintziorik txikienak ere errespetua faltatzea da emakumeen askatasunari eta gizartearen erantzun kolektiboa behar dute erabateko arbuioa agertzeko. Argi utzi behar da norbaitek, gizonezkoak zein emakumezkoak “Bai” esaten badu, onartutako harremana izan behar duela. Eta norbaitek “Ez” esaten badu, ezetz esan duela eta kito", gaineratu du.

Alkateak, gainera, eskerrak eman dizkie indarkeria matxistaren eta baliorik ezaren gaitz honi aurre egiten diharduten pertsona guztiei. "Nahi nuke kanpaina eta mezu hauek izan daitezela garbi eta sendo ez beti dela ez edozein eraso sexistaren, edozein indarkeria matxistaren aurrean, eta, jakina, edozein eraso homofoboren aurrean”.