Herriak eta Hiriak
Garraioa
Aldiriko trenen udako ordutegia martxan jarri du Renfek
eitb.eus
Donostiako eta Bilboko aldiriko trenek udako eskaria kontuan izango dute. Horrela, egunean zehar frekuentzia txikiagoa izango dute, eta handiagoa asteburu gauetan.
-
Abandoko (Bilbo) tren geltokia. Artxiboko argazkia: EFE
Zerbitzuaren udako ordutegia martxan jarri du gaur Renfek aldiriko trenetan, Bilbon zein Donostian.
Renfek agiri batean jakitera eman duenez, Bilboko aldiriko trenen kasuan, C-1 (Bilbo-Santurtzi), C-2 (Bilbo-Muskiz) eta C-3 (Bilbo-Orduña) lineen zerbitzua aldatu dute.
Ordutegi berriak irailaren 9ra arte egongo dira indarrean. Udako garraio eskari berezia izango dute kontuan.
Bestalde, "Gau Jaia" izeneko tren zerbitzua eskainiko du Renfek, urte osoan zehar egin bezala, udako ostiral eta larunbat gauetan. Gainera, Bilboko Aste Nagusian zerbitzua indartuko dute.
Donostian, Bilbon bezala, udako ordutegiarekin eguneko trenen frekuentzia txikiagoa izango da, eta handiagoa larunbat eta jaiegunetako arratsalde-gauetan.
Ohikoa den bezala, Donostiako Aste Nagusiaren 8 egunetan zehar, tren zerbitzu berezi bat izango da gau osoan zehar.