Herriak eta Hiriak
Aste Nagusia 2018
Milaka haur batu dira Bilbon Balearen Desfileaz gozatzeko
Agentziak | Erredakzioa
Eguzkia lagun, Bilboko haurrek egun handia izan dute igande arratsalde honetan Balyren familiarekin. 'Txirla' pertsonaia izan da aurtengo nobedadea.
Igande honetan Bilboko Aste Nagusian Balearen Desfilea egin dute, 18. aldiz; aurten, pertsonaia berria izan da bertan, 'Txirla', eta, Udalak jakitera eman duenez, 200 bat lagunek hartuko dute parte.
Milaka lagun bildu dira ekitaldi honetaz gozatzeko, tartean familia asko; Plaza Biribiletik irten da, 19:00etan, eta Kale Nagusia zeharkatu du, jaietako bigarren egunean.
Ohi bezala, Balea, Olagarroa, Bisigua eta Txangurroa atera dira desfilean; igandean, halaber, Txirla izan da haiekin batera. 6 metroko diametroa eta 6,5 metroko altuera duen puzgarria da azken hori, eta ireki eta ixteko mugimendu sekuentziala du; maskorraren barruan, mihia du, ezkutaturik, eta ikusleekin hartu-emana izan du, horri esker.
Musika, lagun
Musika izan dute denek lagun, bai eta hainbat artista eta animazio-ikuskizun. Trokobloko perkusio-konpainia izan da desfilearen buruan, eta bi gurpil-ontzi ibili dira Kale Nagusitik. Gainera, 30.000 puxika egon dira, bai eta konfetia, serpentinak, eta beste hainbat sorpresa ere.
Talaiaria, arpoilari-tripulazioa, euli hegalariak, puzgarri erraldoiak eta Kittu Musika Elkartearen, Always Marching Banden, Sama-Sikuren eta Molto Vivace Marching Baden musika ere izan dira Desfilean.
Guztien atzean, Bilboko Udalaren garbiketa-talde bat joan da.
18.00etatik aurrera, puzgarriak hiriko hainbat puntutatik irteten hasi dira, Plaza Biribilean bildu aurretik; batzuk Arriaga plazatik atera dira, beste batzuk Udaletxe Plazatik, eta, beste hainbat, Hurtado Amezaga kaletik.