Itxi

Herriak eta Hiriak

Balantzea

Aburto: 'Bilboko Aste Nagusia 40. urteurrenak eskatzean zuenaren pare egon da'

eitb.eus

Bizkaiko hiriburuko alkateak jaien 'oso balantze positiboa' egin du, eta 'bilbotarrak festen benetako protagonistak' izan direla azpimarratu du.

  • Bilboko Aste Nagusiko txupinazoa. EFE

    Bilboko Aste Nagusiko txupinazoa. EFE

Bilboko Udalak gaur goizean eman du aurtengo Aste Nagusiaren balorazioaren berri. Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, "40. urteurren batek eskatzen duen mailaren pareko festak izan dira, halako ospakizun berezi batek merezi zuen moduan. Oso balantze positiboa egin dugu. Bilbotarrak izan dira benetako protagonistak, eta ez dute zalantzarik izan jarduera guztiez primerako jarreraz eta giro paregabean gozatzeko".

Alkateak azaldu duenez, kalitatezko festa parte-hartzailea dela nabarmendu du, eta festak antolatzen eta garatzen lan egin duten pertsona guztiei bere esker ona erakutsi die: "Zorionak guztiei hori posible egiteagatik".

"Bilboko Aste Nagusia kalitatezko festa eredu irekia da, oso parte-hartzailea, eta nazioartean erreferentea", gaineratu du. Aburtoren hitzetan, 1,5 milioi pertsona bildu dira Bilbon egitarauan aurreikusitako jardueretan (400 baino gehiago).

Ekitaldi guztiak istilurik gabe garatu direla eta harrera ona izan dutela esan du alkateak, eta eguneko egitaraua nabarmendu dela, aurten ere. Txupina botatzeko ekitaldian, 20.000 pertsona izan ziren; Txikigunean, 140.000; balearen desfilean, 100.000; eta bilbainada eta Udal Bandaren emankizunek 20.000 pertsona erakarri dituzte.

Aurten ere, su artifizialen ikuskizunek bildu dituzte ikusle gehien: 1.000.000 pertsona, gutxi gorabehera. Bestalde, antolatzaileen arabera, musika emanaldiek 500.000 ikus-entzule batu dituzte bederatzi egunetan zehar.

Sexu-erasoak

Dena den, balorazioaren alde negatiboa sexu-erasoek utzi dutela azaldu du alkateak bere agerraldian. Horrek eman dituen datuen arabera, 4 salaketa ipini dituzte "ukituak" jasan dituzten emakumeek. Aburtok salatu eta erabat arbuiatu ditu eraso horiek, eta Bilboko Udalak "Bilbo erasorik gabeko hiria izateko" lanean jarraituko duela gaineratu du.