Itxi

Herriak eta Hiriak

SAN BARTOLOME BERRIA

Donostiako Lizarra kalea ibilgailuen zirkulaziorako irekiko da datorren astean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Easo eta Aldapeta kaleak lotuko ditu eta norabide bakarrekoa izango da (igotzeko); aitzitik, Aldapeta kaleak jaisteko soilik balioko du.

  • Eneko Goia alkatea San Bartolome berrira egin duen bisitan

    Eneko Goia alkatea San Bartolome berrira egin duen bisitan. Argazkia: Donostiako Udala

Donostian, Lizarra kalea ibilgailuen zirkulaziorako zabalduko dute abenduko lehen astean. Kale honek Easo eta Aldapeta kaleak lotuko ditu eta norabide bakarra izango du, alegia, igotzeko norabidea; eta aldiz, Aldapeta jaisteko bidea izango da, behin bertako hirigintza lanak amaituta.

Eneko Goia alkateak San Bartolome inguruko lanetara atzo eguerdian egindako bisitan adierazi zuenez, kale berriak mugimendu zirkularra sortuko du eta, horrenbestez, trafikoa hobetuko du.

Lizarra kaleak norabide bakarra izango du (igotzekoa), eta Aldapeta eta Easo kalearen arteko bideak jaisteko norabide bakarra izango du, nahiz eta kalean hirigintza-lanak egin arte bi zentzuak mantenduko dituen.

Gainera, kale berriaren irekierarekin batera, Arroka kaleko bidea ere irekiko da eta, ondorioz, Amara aldera eta San Roke - Aietera joateko aukera emango du. Hurrengo astean hasiko dira Amara kalea eta Easo plaza eta Autonomia kalearen arteko hirigintza lanak, eta beraz ezingo da Autonomia kaletik Amara kalera joan.

Lizarra kalea zatika irekitzen joan dira, hurrengo astean Aldapetarekin lotura egin arte. Bidearen lehen zatia 2017ko uztailean ireki zen, hain zuzen ere, Easo eta San Bartolomeko igogailuaren arteko zatia. Ondoren zati gehiago irekitzen joan dira, eta hurrengo astean Aldapetarekin lotura zabalduko dute.

Lanak aurreratuta

Urtea amaitu baino lehen Lizarra kaleko 4-6-8-10 zenbakietako etxebizitzak emango dira, eta hurrengo asteetan amaituko dira 174 ostatu emateak, hain zuzen ere, lan hauek guztiak egiteko bota behar izan ziren etxeetako auzotarren ostatu ematea.

Halaber, 2019ko amaieran Easo kaleko 22. zenbakiko eraikina ematea aurreikusita dago. San Bartolome gaineko lehendabiziko zortzi portaletako eraikitze-lanek aurrera jarraitzen dute, eta dagoeneko hasi da azken etxebizitza blokearen eraikitzea Aldapetaren ondoan - azken hiru ezkaratzeak -. 2020ean zehar emango dira lehendabiziko zortzi portaletako etxebizitzak. Beraz, baldin eta lanek bere horretan jarraitzen badute, San Bartolome berriaren hirigintza-lanak hiru urtetan amaitzea, hau da, 2021ean amaitzea aurreikusten da.