Itxi

Herriak eta Hiriak

DANBORRADA

Donostia prest dago 24 orduko jaiari hasiera emateko

EITB.EUS

Gipuzkoako hiriburukoak biltzen ditu begirada gehienak, baina Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan ere badira danborradak.

  • Donostiako danborrada 2018. Argazkia: EFE.

    Donostiako danborrada 2018. Argazkia: EFE.

Konstituzio plazan egingo den Donostiako banderaren igoerak emango dio hasiera gauerdian 24 orduko jaiari. Danbor eta barril doinuak nagusi izango dira hiriko txoko guztietan, eta heldu zein haurrak arduratuko dira Raimundo Sarriegi konposatzaileak sortutako piezak jotzeaz.

Festa gauerdian hasiko da ofizialki, baina aurretik, elkarte eta jatetxeetan, San Sebastian eguna ospatzen hasiko dira ohiko afariekin. Familian zein lagunartean, menu oparoak izango dituzte mahai gainean. Angulak ere ez dira faltako zenbait mahaitan.

Helduen 147 danborrada

18.399 lagunek, 7.681 emakumek eta 10.718 gizonezkok, parte hartuko dute San Sebastian eguneko helduen danborradetan. 147 helduen danborrada izango dira guztira. Aurtengo urtean lau danborrada berri aterako dira kalera: Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada Sjc, Englishtarrak Elkartea eta Matiazaleak. Guztiak dira konpainia mistoak.

Gaur egun, hiriko 147 konpainietatik 137 mistoak dira, bat emakumezkoena, eta bederatzi soilik gizonezkoenak.

Urtero bezala, Gaztelubide elkarteko kideek emango diote jaiari hasiera Konstituzio plazan. 24 ordu geroago, Union Artesana elkarteko kideak izango dira jaiari amaiera emango diotenak.

Haurren egun handia

Etxeko txikienek ere modu berezian bizi dute San Sebastian eguna. Igandean, urtarrilak 20, haurren danborradaren protagonista izango dira. 8.249 haur elkartuko dira Alderdi Eder Parkean. Eguerdiko 12etan hasiko da danborrada. Euria egingo balu, astelehenean egingo lukete danborrada.

Anne Vicente de la Fuente izango da 2019ko Danbor Nagusia. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxeko bi ikasle izango dira: Telmo Ramos Montero eta Maite Azurza Lizeaga, hurrenez hurren. Ikastetxe horretakoak dira, baita ere, karrozako pertsonaiak: Alkatesa, Notarioa, Easo Ederra eta bi damak, bi batelari, bi inude, artzain bat, herritar bat, irule bat, urketari bat, mandazain bat eta sei zaldizain.

Urrezko danborra

Rosa Garcia ekintzaile eta Kaleratzeak Stop plataformako kideak jasoko du aurtengo Donostiako Urrezko Danborra. 3.666 donostiarrek parte hartu duten bozketa batean aukeratu dute Rosa.

Eguerdian udaletxean egingo den ekitaldian emango dute saria. Bezperan, bestalde, Donostiako Hiritar Merezimenduaren Dominak banatuko dizkiete ondorengoei: Elizaran ikastetxea, Gaztetxo Antzerki Taldea, Eragin kultur elkartea, Hazi eta Ikasi taldea eta Ancora elkartea.

Euria

Euskalmeten arabera, larunbateko azken orduan euritara joko du eta gauean ere euria egingo du.

Igandean, zaparradak sarriago botako ditu, eta ugariagoak izango dira goizeko lehen orduetan eta egun amaieran. Eguerdi partean, tartekatuagoak izango dira, hau da, tarteka ostarteak irekiko dira eta, beste une batzuetan, zerua ilun bihurtu eta euria egingo du.

Donostian bakarrik ez

San Sebastian eguna ez da Gipuzkoako hiriburuan soilik ospatzen. Azpeitian, Lakuntzan eta Tafallan ere egun handia dute urtarrilaren 20a, eta egitarau zabala prestatu dute.

Azpeitian helduen danborrada egingo dute urtarrilaren 19 gauean, eta gauerdian hasiko dute festa. San Sebastian egunez, haurren danborrada izango dute. Sokamuturra ere ez da falta izango, beste hainbat ekitaldirekin batera. Gauerdian amaituko dute jaia.

Nafarroan ere ospatzen dute San Sebastian. Lakuntzan asteburu osoko egitaraua osatu dute jaia ospatzeko. Larunbat gauean egingo dute danborrada. Tafallan, berriz, San Sebastian bezperan egingo dute herriko zaindaria omentzeko danborrada.

EiTBk jaia zuzenean eskainiko du

ETB1ek eta eitb.eus-ek San Sebastian eguneko jai handiari hasiera emango dioten bandera igoera eta danborrada eskainiko dituzte. 'Danborrada Gaua 2019' saioa Donostiako Konstituzio plazatik zuzenean eskainiko dute 22:30etik aurrera, eta ondoren, Azpeitiko danborrada izango da ikusgai 00:45etik aurrera.

Igandean, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:50ean hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Marta Elvira kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen.

San Sebastian egunaren bukaera ere, zuzenean ikusi ahal izango da igande honetan ETB1en. Gaueko 23:15ean hasiko da zuzeneko saioa, Donostiako Konstituzio plazatik, hain zuzen, eta Imanol Artolak gidatuko du. Banderaren jaitsiera zuzenean ikusiko dugu, eta horrekin batera, azken danbor doinuak eta piezak zuzenean eskainiko ditugu plazako oholtza gainetik.

eitb.eus-ek Danborradaren ekitaldi ezberdinen jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.