Itxi

Herriak eta Hiriak

Hobetze lanak

Iruñeko Emakumeen Etxea egiteko lanak esleitu dituzte eta udaberrian hasiko dira

agentziak | erredakzioa

Eraikinean hobekuntzak egingo dira: sarbideak eta suteen aurkako neurriak egokituko dituzte, eta barnealdea berrituko dute.

  • Emakumeen Etxea Pablo Sarasate musika-eskolaren beheko solairuan egongo da. Argazkia: Wikipedia

    Emakumeen Etxea Pablo Sarasate musika-eskolaren beheko solairuan egongo da. Argazkia: Wikipedia

Iruñeko Emakumeen Etxearen lanak esleitu ditu Iruñeko Udal Batzarrak. 300 metro karratuko espazioa izango da, eta Pablo Sarasate kontserbatorioaren beheko solairuan egongo da. Lanen lizitazio-aurrekontua 135.114 eurokoa da.

Topagunea herritarren berdintasun arloko sentsibilizazioa eta emakumeen ahalduntzea laguntzeko erabiliko dute, eta emakumeen eta gizonen arteko benetako parekidetasuna lortzeko.

Bisel Navarra S.L. enpresak egingo ditu Emakumeen Etxearen obrak, eta 50 egun ditu lanak bukatzeko. Egun horietan, sarbidea hobetu, sutearen aurkako neurriak jarri eta barnealdea berrituko du.

Kontserbatorio zaharreko beheko solairuak egun duen banaketari eutsiko dio, eta hauek izango dira bertan: 33 eta 44 metro koadro bitarteko bost gela, atseden-lekua eta komunak, baita harrera-aretoa ere, argibide gune gisa, publikoari zabalik, eraikineko sarrera nagusian, Agoitz kalean.

Lanegunetan egongo da irekita Emakumeen Etxea, 17:00etatik 21:00etara. Eraikin berean, 1. solairuan, Udalaren Etxez Etxeko Arretarako Lantaldea egongo da. Udala arduratuko da bertan egongo diren langileez.

Udalak hitzarmena sinatu zuen apirilean Iruñeko Emakumeen Etxea elkartearekin, gune hori dohainik uzteko lau urtez, eta beste lau urtez luzatu ahalko da.