Sanferminak
Egun Handia Iruñean
San Ferminen prozesioa eta lehen entzierroa, protagonistak gaur
Erredakzioa
Sanferminek, astelehen honetan, uztailak 7, izango dute euren Egun Handia. Musikak, halaber, hizpide izaten jarraituko du Nafarroako hiriburuan.
Iruñeak sanferminen Egun Handia ospatuko du gaur, uztailak 7, eta San Ferminen omenez egingo duten prozesioa izango da ekitaldi nagusia. Gainera, lehen entzierroa ere egingo dute, bai eta lehen zezenketa ere, Torrestrellaren zezenekin. Musikak, halaber, protagonista izaten jarraituko du: Foruen plaza Marky Ramone's Blitzkrieg with Andrew W.K. taldeak eta DJ Alonek astinduko dute, 23:30ean hasita, eta Gazteluko plazan, eguerditik aurrera, Nacha Pop-en kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu Iruñean.
Prozesioa 10:00etan hasiko da. Beste urtebetez, Iruñeko Udalaren korporazioak kabildoa jasoko du, eta San Ferminen kaperara joango da. Ibilbidean zehar, iruindarrek, bisitariek, joten zenbait taldek, hainbat abesbatzak eta dantzari askok lagunduko dute santua Alde Zaharrean barrena. San Ferminek herritarren maitasuna jasoko du berriro; jendeak kantak, jotak eta txaloak eskainiko dizkio.
Gero, meza bat ospatuko dute. Francisco Perez Iruñeko artzapezpikua eta Tuterako gotzaina egongo da bertan. Katedraleko Musika Kapera eta Orfeoi Iruindarra ere izango ditu lagun.
Ordenantza berriarekin, lehen entzierroa
Bestalde, nabarmentzekoa da aurtengo sanferminetako lehen entzierroa egingo dutela. Torrestrellaren zezenak izango dira, eta arratsaldean Antonio Ferrerak, Miguel Abellanek eta David Morak toreatuko dituzte. Tradizioak agintzen duenez, goizeko zortziak jo aurretik korrikalariak San Domingoko aldapan bilduko dira, San Ferminen horma-konkaren aurrean, lasterketan zehar bere laguntza izateko.
Entzierroek ordenantza berria izango dute, gaurtik aurrera. Korrikalarien baldintzak zehaztuago daude orain, eta horien, ikusleen, eta ibilbidean dauden jabeen eta maizterren beharrak zabalago azaltzen ditu. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Gainera, Santo Domingo aldapatik ezartzen zen polizia-hesia -korrikalarien eta zezenen arteko gutxieneko tartea bermatzeko- lurrean ere egongo da zehaztuta.
Jaia ez da gauean ere geldituko. Su artifizialez gozatzeko aukera ere izango dute Iruñean, Arabako Valecea-Pir pirotekniarekin. 23:00etan hasiko da.