cerrar buscador

08:02

Danborrada 2017

San Sebastian Eguna 2016

Europa eta kultura, eskutik emanda, Donostiako danborradan

EITB.EUS

Iragarpenaren arabera, ez du euririk egingo. Donostiarren egun handiak Europako Kultura Hiriburutzaren abiatzearekin bat egiten du.

  • Iazko danborradaren une bat. Argazkia: EiTB

    Iazko danborradaren une bat. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Ziurrena, urteko egunik garrantzitsuena izango da 2016ko urtarrilaren 20a Donostian. San Sebastian eguna izateaz gain, gaur eguerdian abiatuko dira Europako Kultur Hiriburutzaren ekitaldiak.

Bandera igoerarekin lehertu ohi da festa Gipuzkoako hiriburuan. Aurten, abiatze "ikusgarria" izango da, Donostiako Udaletik nabarmendu dutenez. Izan ere, Donostiako banderaz gain (Eneko Goia alkateak jasoko du), ikurrina eta Europako bandera ere jarriko dituzte aurten. Ikurrina Vicente Zaragüeta Aquariumeko presidente zendu berriaren alabek altxatuko dute; Europakoa, berriz, Cristina Iglesias eskultoreak igoko du (aurten berak jasoko du Urrezko Danborra). Donostiako Orfeoiak Europako ereserkia interpretatuko du eta Kresala dantza-taldeak ekitaldirako propio prestatutako koreografia dantzatuko du. Horiek bukatutakoan, 24 orduko jaian murgilduko da Donostia.

2016ko danborren hotsek, beraz, ukitu kultural eta europarra izango dute

Egun handia noiz helduko, ekitaldi andana antolatu dute Donostian. Atzo arratsaldean, Danborradari harrera eta esker ona erakutsi zioten San Telmo Museoan. Kultura Hiriburutzako gorbata banatu zuten helduen eta haurren danborradan parte hartuko dutenen artean.

Gaur, hiritar merezimenduaren dominak banatuko dituzte. Aurten Katxalin bularreko minbizia duten emakumeei babesa emateko elkartea, Chernobil elkartea, Nazaret heziketa zentroa, Juan Ojanguren Ulacia medikua eta Itzurun Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsa sarituko dituzte.

Danborrada 'berezia'

Eneko Goia alkateak aitortu zuenez, aurtengo danborradak "kutsu berezia" izango du, urtarrilaren 20tik Europako Kultur Hiriburu izango baita Donostia.

MAM-eko argazkia: donostiako-danborrada_

2015eko danborradaren une bat. Argazkia: EFE

Guztira, 4.328 danbor eta 10.593 upel erabiliko dituzte jaian parte hartuko duten 16.227 lagunek. Kantinerek, gastatzaileek, heraldoek, fusilariek etab, denek edukiko dute lekua danborradan.

Aurten 135 elkartetako (1 emakumezkoena, 9 gizonezkoenak eta 125 mistoak) 6.394 emakumek eta 9.833 gizonek jardungo dute danborra jotzen.

Konstituzio Plaza modu berezian apainduko dute aurten, oihal zuri-urdinak erabilita.

Poloniako haurrak eta donostiarrak

Gau biziaren ondotik, eguerdian izango da San Sebastian eguneko beste une gogoangarria. Aurten, Wroclaw (Polonia) hiriko 3.000 ikaslek haur danborradan hartuko dute parte. Izan ere, Donostiarekin batera, Europako Kultur Hiriburu da 2016an Wroclaw.

haur danborrada 2016 tamborrada infantil

Jai-giroan emango du eguna Donostiak. Festa gauerdian bukatuko da, bandera jaitsierarekin. Igoera ekitaldian bezala, Europako ereserkia entzun ahal izango da, eta magia ikuskizun batek hartuko du protagonismoa.

Bandera igoera, haurren danborrada eta bandera jaitsiera zuzenean jarraitu ahalko dira ETB1en eta eitb.eus-en.

Danborraden bilkura

Bada gehiago. Danbor eta upelak datorren urtera arte gorde beharrean, urtarrilaren 23an berriro aterako dituzte donostiarrek, egun horretan egingo baita Donostia 2016ren inaugurazio ekitaldi nagusia, eta danborrak Gipuzkoako hiriburuaren ikurretako bat izaki, protagonista izango dira orduan ere.

3.675 lagun hiriko auzoetatik abiatuko dira Kontxako hondartzan batzeko, eta San Sebastian martxa eta beste doinu batzuk interpretatuko dituzte bertan.

Danborradak Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan

Aurtengoa berezia denez, Donostiako danborradak bereganatuko du arreta handiena. Dena dela, Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan (Nafarroa) ere sansebastianak ospatuko dituzte, eta bietan egingo dituzte danborradak.

1.500 azpeitiarrek parte hartuko dute helduen danborradan. Gauerdiko hitzorduaren ostean, eguerdian, 12:30ean, izango da beste hitzordua, haurren danborradarekin.

Iruzkinak