Gizartea -
Hiritar Merezimenduaren Domina
Katxalin eta Chernobil Elkartea sarituko ditu aurten Donostiak
Itzurun konpartsa, Juan Ojanguren medikua eta Nazaret zentroa ere badaude sarituen artean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udalak iragarri du nortzuek jasoko duten aurten Hiritar Merezimenduaren Domina. Hain zuzen ere, hauek izango dira: Katxalin bularreko minbizia duten emakumeei babesa emateko elkartea, Chernobil Elkartea, Nazaret heziketa zentroa, Juan Ojanguren Ulacia medikua eta Itzurun erraldoien eta buruhandien konpartsa.
Saritutakoak 20 proposatutakoen artean bozkatuenak izan dira, eta urtarrilaren 19an jasoko dute golardoa, hau da, San Sebastian bezperan.
Katxalin elkartearen kasuan, erakundeekin eta ikerketa institutuekin batera Donostiako emakumezkoei eskaintzen dien babesa aitortu dute, saria emateko.
Chernobil Elkarteak egindako lan "altruista eta solidarioa" ere aintzat hartu dute, hain justu Ukrainako zentral nuklearrak istripua izan zuela 30 urte betetzen den honetan.
Nazaret zentroak ere urteurrena du aurten, mendeurrena hain zuzen ere, eta "Donostiako gizartearen garapenaren alde" egindako lana txalotu du Adegik, Gipuzkoako patronalak proposatu baitzuen hautagaitza.
Juan Ojangurenen hautagaitza 400dik gora pertsonak babestu dute. Alde Zaharreko anbulatorioan mediku izan da, eta duela gutxi hartu du erretiroa. "Humanitate, bokazio eta ardura" handikoa zela nabarmendu dute.
Azkenik, Itzurun konpartsak hainbat hamarkada daramatza herriko jai nagusiak alaitzen.