Euskadi Irratia
Irailak 9
Astelehenean hasiko da Euskadi Irratiko denboraldi berria
Euskadi Irratia
'Faktoria'k abiatuko du eguna irratian, Maite Artolak gidatuta. Horrez gain, musika industriaren atzealdea erakutsiko digun saio berria egingo du Arkaitz Villarrek.
-
Maite Artola
Euskadi Irratiak astelehenean, irailak 9, ekingo dio denboraldi berriari.
Albistegiei dagokienez, Maite Artolak eta bere taldeak gidatutako 'Faktoria'k jarriko du martxan irratia egunero. Eguerdian, Pilar Goyak egunak ordura arte emandakoen laburpena eskainiko du 'Goizak Gaur' tartean. 'Mezularia' Eider Bilbaok gidatuko du, eta 'Egunbete' gaueko albistegia Joxe Juan Ugaldek zuzenduko du aurten. Asteburuetako albistegiak Igotz Alkortak zuzendu eta aurkeztuko ditu denboraldi berri honetan.
Iritzi emaile berriak izango dituzte, horien artean, Aitziber Ibaibarriaga, Nagua Alba, Edurne Egino eta Mikel Irizar. Halaber, 'Hiru Erregeen Mahaia' eta 'Kirol Legez' saioetako lankideek galtza bete lan izango dute aurten, besteak beste bost euskal talde liga nagusian ari direla jakinda.
Saioei dagokienez, Manu Etxezortuk hartuko dio lekukoa Artolari eguerdira artekoarekin. Albisteak bukatutakoan, Joseina Etxeberriak 'Kantu Kontari' jarraituko du, eta ostean, Lander Eizagirre eta Amaia Artetxek 'Hiri Gorrian' saioa eskainiko dute. Ainhoa Etxebestek aktualiteari errepasoa emango dio gero 'Mezularia'ren lehen atalean.
Musika Bulegoarekin elkarlanean, musika industriaren atzealdea erakutsiko digun saio berria egingo du Arkaitz Villarrek, musikarekin lotura duten eragileekin egindako elkarrizketen bidez. Saio hau Radio Euskadin ere izango da entzungai.