Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Abenduak 20, Euskaldunan

Baionatik Bilbora: Iparraldeko kanten errealitatearen isla

eitb.com

Bi gertaera historiko biltzen dira kontzertu enblematiko honetan: batetik Pantxoa eta Peioren azken agerpenetako bat eta bestetik, Errobi talde mitikoaren taularatzea.

00:15
Baionatik Bilbora

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz izeneko kontzertua asteartean, hilak 20ean, izango da, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskadi Irratiak eta Elkarrek antolatuta. Gure Iparraldeko kantarien eta kantuen errealitatea aurkeztuz.

Euskal Herriko kantagintzaren eta kulturaren historian Iparraldeko eragina garrantzitsua izan dela ikusi besterik ez dago. Hegoaldeko kantaririk enblematikoenek Iparraldeko kantagintzari erreparatuta hasi zuten euren ibilbidea 60. hamarkadan.

Baionatik Bilbora kontzertura bertaratzen direnek frogatu ahal izango dute zein kantu ederrak eta zein kantari bikainak dauden Iparraldean. Parte-hartuko duten kantariak ondorengoak izango dira: Etxamendi eta Larralde, Naia Robles, Erramun Martikorena, Pantxoa eta Peio, Niko Etxart, Anje Duhalde, Errobi, Bidaia, Maialen Errotabehere, Kantiruki eta Kalakan taldeak, besteak beste. Maider Segurola, Euskadi Irratiko kazetariak, egingo ditu gidari lanak.

Kantari paregabe hauek entzuteko aukeraz gain, kontzertu honetan, historikoak diren bi gertaera izango dira: alde batetik, Pantxoa eta Peio kantariak elkarrekin kantuan ikusteko azken aukeretako bat izango da, datorren urtetik aurrera, jada, ez baitira batera arituko. Modu honetara, 60. hamarkadaren amaieran hasitako ibilbide luze bezain emankorrari amaiera emango diote.

Galdu ezin daitekeen bigarren gertaera Errobi taldea mitikoaren presentzia da. Talde honek kantaldiari urrezko brotxea jarriko dio. Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako taldeak euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen 70eko hamarkadaren erdialdean. Taldeak luze iraun ez zuen arren, arrasto sakona utzi zuen. 80 urtetik aurrera aktibitateari utzi zioten talde gisa, nahiz eta 85ean azken diskoa plazaratu zuten eta baita emanaldi gutxi batzuk eskaini ere. Beraz, kasik duela 30 urte banandu zen talde historiko honen berragerpena albiste ona da euskal musika zaleentzat.

Aukera paregabea kontzertu eder honen lekuko izateko. Baionatik Bilbora kontzerturako sarrerak BBK-ko kutxazainetan, General tickets webgunean eta Euskalduna Jauregiko leihatilan erosi daitezke.