Itxi

Amarauna

ELKARRIZKETA

Ainara Urkijo: 'Itxaropena izan behar dugu, norbait konturatuko da bidegabekeriaz'

EITB.EUS

Nagore Telleria 'Amarauna' saioko aurkezleak Ainara Urkijo 'Altsasu auzi'ko auzipetutako bat elkarrizketatu du. Kalean dagoen bakarra da Urkijo, gainerako auzipetu guztiak espetxean baitaude.

  • AINARA URKIJO

    AINARA URKIJO

    17:13 min
imagen player
imagen player
imagen player

Aste erabakigarria izan da hau Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteentzat. Asteazken honetan Auzitegi Goreneko Zigor arloko Aretoak saio publikoa egin zuen gazteen defentsak Auzitegi Nazionalaren epaiaren kontra aurkeztutako helegiteak aztertzeko.

Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri zizkien gazteei, 2016ko urriaren 15ean Altsasuko festetan izandako liskarraren harira. Auzitegiak terrorismo delitua baztertu zuen, baina zigor handiak ezarri zizkien zortzi akusatuei honako delituak egotzita: agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak. Delituoi bi astungarri (nagusitasun-egoeraz abusua eta gorrotoa) erantsi zizkien Auzitegi Nazionalak.

Orain, zortzi gazteak absolbitu, zigor txikiagoa jarri edo berdin utzi, erabaki behar du Auzitegi Gorenak.

Ainara Urkijok bi urteko kartzela-zigorra jaso zuen eta bera da aske dagoen bakarra, beste zazpi gazteak espetxean baitaude. Batzuk urtebete baino gehiago daramate jada (438 egun Jon Ander Cobek, Julen Goikoetxeak, Aratz Urruzolak eta Iñaki Abadek) eta ia hiruna urte beste hiruek (1.042 egun Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok). Elkarrizketa eman dio Urkijok Euskadi Irratiko Amarauna saioari eta "itxaropentsu eta urduri" dagoela nabarmendu du: "honaino iritsi eta gero itxaropena izan behar dugula pentsatzen duzu, norbait konturatuko dela bidegabekeria dela", baina orain arte ere itxaropena bazutela gogorarazi du eta "ezetza" jaso dutela gero. Horregatik, itxaropentsu bai, baina zuhurtziaz itxaroten dio epaiari.

Preso diren zazpi lagunak ere "indartsu" daudela esan du: "borrokatzeko gogoa dute, beraiek badakite bidezkoa ez dela eta kalean egon beharko luketela".

Hiru urte igaro dira jada Altsasuko liskarra izan zenetik, eta denbora horretan une oso gogorrak bizi izan dituela gogoratu du elkarrizketan. Carmen Lamelaren autoan agertzen zela komunikabideen bidez jakin zuen, adibidez, eta Auzitegi Nazionaleko epaia lankide batek jakinarazi zion lanean ari zela. "Egun batetik bestera jende askoren bizitza aldatu zen, eta ez bakarrik gurea, beste lau gazte ere kasuan inplikatuta egon ziren, eta, azkenean, libre utzi bazituzten ere, familia guztiak, lagun guztiak, herri guztia... bizitza aldaketa oso drastikoa izan da eta hiru urte daramatzagu jada horrela" hausnartu du.

Prozesu guztia lazgarria izan dela kontatu du Urkijok: "zu epaiketan zaudenean gezur guztiak entzuten dituzu, zure aurrean, eta ezin duzu ezer egin ... ez da bidezkoa".

Denbora tarte horretan jaso duten elkartasuna nabarmendu du Altsasuko gazteak: "elkartasuna izan da, dudarik gabe, onena. Eta ez herriarena bakarrik, baita kanpoko jendearengandik jasotakoa ere. Pasada bat izan da, eta hori pilo bat sentitu eta eskertzen da". Eta elkartasun olde horren artean, gai honek "ideologia ezberdina duen jende asko elkartu" duela azpimarratu du "elkarlana egin da, ideologiaren gainetik".

Zortzi gazteak euren gurasoez eta egin duten lanaz "oso harro" daudela azaldu du elkarrizketan Urkijok, "ikaragarria" izan dela. Eta amaitzeko, prozesu honek guztiak eurengan izan duen eraginaz hitz egin du: "Hiru urte hauetan pilo bat aldatu naiz, eta orain ari da berriro betiko Ainara bueltatzen. Gainditu egin nau egoerak. Heldutasuna ere irabazi dut, baina ez dakit era honetan heltzea ona den. Kartzelan daudenak ere aldatu egin dira".

Entzun elkarrizketa osoa hemen.