Politika -

Helegitea

Auzitegi Gorena Altsasuko gazteek aurkeztutako errekurtsoak aztertzen ari da

Zortzi gazteen defentsak 18 arrazoi eman ditu absoluzio librea eskatzeko. Fiskaltzak, berriz, "eraso ideologikoa" leporatu die berriro.

Altsasu auzia aztertu behar duen Goreneko epaimahaia. Argazkia: EFE
Altsasu auzia aztertu behar duen Goreneko epaimahaia.
Altsasuko gazteen auzia epaiaren zain gelditu da, Auzitegi Gorenean

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasu auziaren azken atala idatzi da gaur. Zortzi gazteen defentsak Auzitegi Nazionalaren epaiaren kontra aurkeztutako helegiteak aztertzeko, Auzitegi Goreneko Zigor arloko Aretoak saio publikoa egin du asteazken honetan. Zigortutako zortzi gazteak absolbitu edota zigor txikiagoa jaso behar duten erabakiko du Gorenak hemendik aurrera, defentsaren helegiteen nondik norakoak entzun eta gero. 

Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri zizkien gazteei, 2016ko urriaren 15ean Nafarroako herrian izandako liskarraren harira. Auzitegiak terrorismo delitua baztertu zuen, baina zigor handiak ezarri zizkien zortzi akusatuei honako delituak egotzita: agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak. Delituoi bi astungarri (nagusitasun-egoeraz abusua eta gorrotoa) erantsi zien Auzitegi Nazionalak.

Ikustaldia 10:30ean hasi eta 14:00etan amaitu da, defentsaren eta Fiskaltzaren argudioak entzun ostean. Andres Martinez Arrieta magistratua Gorenaren epaimahaiaren buru izan da; epaiketan, halaber, Antonio del Moral, Andres Palomo, Susana Polo eta Vicente Magro epaileek parte hartu dute.

Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo akusatuen bost abokatuek absoluzioa eskatzeko argudioak azaldu dituzte bi orduz; guztira, 18 arrazoi eman dituzte.

Abokatuak epaiketan

Abokatuak epaiketan. Argazkia: EFE

Hasteko, Concepción Espejel epailearen jarrera "alderdikoia" salatu du defentsak; Auzitegi Nazionalean Altsasuko gazteek izandako lehen epaimahaiko presidentea izan zen Espejel, eta guardia zibil batekin ezkonduta egoteaz gain Guardia Zibilen domina bat jaso izana leporatu zioten jarrera alderdikoia argudiatzeko.

Era berean, "kargu-froga nahikoen eza" zein "ikerketaren alderdikeria" azpimarratu dute, Koxka tabernan gertatutakoa Guardia Zibila berak ikertu baitzuen, "biktimak eta ikertzaileak nahastuta".

Halaber, taldeko ezagutze-saioan izandako irregulartasun larriak aipatu dituzte abokatuek, "eskandalu bat" izan baitzen. Defentsaren arabera, Hegoamerikako eta Arabiako lagunen artean kokatu zituzten akusatuak.

Horrekin jarraituz, defentsako bost abokatuentzat, ez dago diskriminazio ideologikorik, Gaurdia Zibila ezin baita "zaurgarritzat hartu". Gainera, "iritizi-desberdintasun nabaria dago agenteen artean", esan dute.

Defentsak gogor jo du ebazpenen aurka, zigorrak gehiegizkoak direla iritzita, "lesioak ez zirelako hain larriak izan". Gainera, guztiek erasoa egin izana ukatu dutela eta batzuk tabernan ere ez zeudela adierazi dutela gogorarazi dute.

Izan ere, ebazpenean "guztia generikoa" omen da, "pertsonei buruz hitz egiten da, izenik eman gabe", eta akusazioaren lekuko garrantzitsuenak "kartzelan egon beharko ez lukeen jendea kartzelan sartu dutela" esan zuela azpimarratu dute.

Era berean, defentsa aurkeztutako lekukoen testigantza ebazpenean agertu ere ez dela egiten salatu dute, eta horrek agerian uzten duela defentsaren frogek ez dutela ezer balio.

Fiskaltza: "Eraso ideologikoa izan zen"

Bestalde, fiskalak errekurtsoak bertan behera uzteko eskatu du, eta bertan gertatutakoa "eraso ideologiko bat" izan zela esan du.

Fiskalaren arabera, erasoa biktimak guardia zibilak zirelako gertatu zen eta Guardia Zibiliari egindako diskriminazio ideologikoa izan daitekeela babestu du.

"Ez da haragi errea bazkaltzeko lotu den lagun elkarte bat. Espainiari, erregeari eta espainiarrei leiala den instituzioa da. Eraso ideologiko baten helburu izan daitezke", esan du.

Zure interesekoa izan daiteke: Altsasu auziaren kronologia

Terrorismo deliturik ez, baina zigor handiak

Auzitegi Nazionalak bi epai eman ditu Altsasu auziari buruz: Zigor arloko epaitegiak, iazko ekainean; eta Apelazio aretoak, 2019ko martxoan, zigorrak berretsita. Bigarren epai horretan Iñaki Abadi ezarritako zigorra 10 urtetik 6 urtera jaitsi zuten; izan ere, bi lesio-delitu egotzi zizkioten, eta ez lau.

Gainerako kasuetan, Apelazioko aretoak hasierako epaia baieztatu zuen: 13 urte Oihan Arnanzentzat; 12, Jokin Unamunorentzat eta Adur Ramirez de Aldarentzat; 9, Jon Ander Cobentzat, Julen Goikoetxearentzat eta Aratz Urrizolarentzat; eta 2, Ainara Urkijorentzat. Azken hori da kartzelan sartu ez den kondenatu bakarra.

Bideoa: Bel Pozueta, Gorenaren atarian

Pozueta: 'Ibilbidea oso mingarria izan da, eta honekin bukatzeko nahiarekin gatoz'
Pozueta: 'Ibilbidea oso mingarria izan da, eta honekin bukatzeko nahiarekin gatoz'
Pozueta: 'Ibilbidea oso mingarria izan da, eta honekin bukatzeko nahiarekin gatoz'

Auzipetuen gurasoek ez dute itxaropena galtzen
Auzipetuen gurasoek ez dute itxaropena galtzen
Auzipetuen gurasoek ez dute itxaropena galtzen

1:46
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Auzitegi Gorena argazkiak Presoak Epaiketak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Altsasu albisteak Espetxeak Gazteak gaur