Amarauna
Etxegabeak kale gorria
Kale gorrian bizitzeaz eta etxegabeen kontrako arkitekturaz
Kale gorrian gero eta jende gehiago bizi da Joseba Gaia Caritaseko kidearen arabera. Plan politak bai, baina baliabideak falta direla salatu du Beste Bi plataformaren izenean Amaraunean.
-
Kale gorrian bizi diren bi pertsona.
31:55 min
Joan den asteburuan hilda topatu zuten Durangon Jaime, kutxazain baten aterpean. 49 urte zituen. Eguna supermerkatu atarian ematen zuen eta maitea zuten bezeroek. Jabik, nagusiak, kontatu digu kandelak eta loreak jarri dituztela denda atarian Jaimeren omenez. Laguna zuen Humphreyk gaixorik zegoela kontatu digu. Berak etxera joateko gonbitea egin arren, ez zuela nahi dio berak, aterako zen esperantza zuelakoa. Otsailean oinarrizko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen hastekoa zen, Nafarroako herri batera joango zen etxebizitza hartuta, baina ez da egun hori iritsi. Azkoitiarra zen izatez Jaime, eta hura ezagutu zutenek jipoia hartu dutela kontatu du Juan Ramonek. Futbola dela eta, umetan ezagutu zuen Juan Ramonek. Jokalari aparta zela kontatu digu, denak txundituta uzten dituzten horietakoa. Herrikideak hari laguntzen saiatu direla badaki berak, baina ezin sinistu, kale gorrian hil dela.
Urtarrila hasieran, Donostian 60 urteko gizonezko bat hil zen banketxe bateko estalpean. Etxegabeen egoeraz Joseba Gaiak egin digu gogoeta eta Andoni Pombok etxegabeen kontrako arkitekturaz hitz egin digu. Gauez ixten dituzten kutxazainak, etxe atarietako eztenak edo, etzateko modurik ematen ez duten eserlekuak, banakakoak nabarmendu ditu. Kalean bizi direnak uxatzeko asmatutako diseinuen katalogoa osatu du gaurko atalean.