Amarauna
Beti gazte!
Dr. Martens 1460 bota mitikoak 60 urte bete ditu aurten
Lanerako bota izateko sortu zen 1960ko apirilaren 1ean, baina kultura herrikoiaren izar handi bilakatzea zen bere patua.
-
Dr. Martens 1460
14:26 min
Coca-Colaren botila, Levisen 501 bakeroak, Moka kafetera… Badira produktu eta diseinu batzuk XX. mendeko mendebaldeko kulturaren ikono direnak eta gaurdaino bizirik iraun dutenak. Dr. Martens botak kasu: aurten 60 urte bete dituzte, batere zimurrik gabe. Jaio, 1960ko apirilaren 1ean jaio zen Dr. Martens etxearen 1460 modeloa. Izena ere jaiotze-datatik datorkio.
1945ean airez betetako zoladun botak asmatu zituen Klaus Martaens alemaniarrak. Martaensen botak fabrikatzeko lizentzia Ingalaterrako Griggs zapatariek eskuratu zutenean eman zioten forma 1460ari. Hala ere, urte batzuk anonimatuan pasa zituen bota xume honek, postarien artean oso estimatua izan arren. 1967.urtean, baina, The Who taldeko Pete Townshendek, lanerako arropen denda batean, bere lehen Dr. Martens parea erosi zuen. Erosi zituen egun berean jantzi zituen oholtzan. Eta ikur berrien gosea zuten gazteek bere egin zituzten bota haiek. Lehenengo skinhead eta rudeboy delakoek, gero punkek... tribu urbanotik tribu urbanora, moda pasareletara iritsi arte, belaunaldiz belaunaldi.
Iñigito Txapelpunk musikariak eta Jone Laspiur aktoreak euren botei buruz hitz egin digute. Iñigitorentzat, estetikaz harago, ongi sentiarazten duen janzkeraren parte dira botak: txupa, botak, gandorra ilean... Bere identitatea osatzen dute. Jonek, berriz, beti bigarren eskukoak erosten dituela esan digu. Egia esan, bigarren eskuko arropak saltzen dituzten online plataformetan, preziatuak dira oso 1460ak. Hori esan digu Olatz Elezkanok, Micolet plataformako komunikazio arduradunak. Bota beltza da gehien saltzen dena, baita berrien kasuan ere. Hala ere, gero eta aukera zabalagoa dago, Oskarbi zapatadendetako Oskarbi Gurrutxagak kontatu digun moduan: hasi plataformadun botetatik eta larru beganozko modeloetaraino. Entzun hemen erreportajea osorik!