Amarauna
EITB MARATOIA
Alzheimerraren bi aurpegi: Ama dirua gastatzen hasi bapatean, eta aitak depresioa zuela zirudien
NAGORE TELLERIA | EITB MEDIA
Isaura Piñeirok bere amaren kasua kontatu digu. Idoia Arrizabalagak, aita, izeko eta amaginarrebarena. Ondarrotarrak dira biak, eta herrian, komunidadeak lagundu die zenbaitetan zaintzen, kalean galdu direnean edo portaera arraroak izan dituztenean. Oroitzen elkarteko kideak dira biak.
-
Adineko emakume bat, begiak itxita.
21:44 min
Isauraren ama egoitzan bizi da orain, eta badira lau hilabete inguru, alaba ez duela ezagutzen. Galiziako txikitako kontuak ordea, ederki oroitzen ditu, eta han du pentsamentua, beste leku batean eta beste garai batean. Idoiaren aitak ere azken denboran jaiotetxea besterik ez zuen buruan, eta harako bidearen bila ibiltzen zen beti.
Alzheimerra gogorra dela kontatu dute biek. Isauraren ama hasieran agresiba jarri zen, bastoia astintzen zuen. Gaitza hartu zuenetik ama ez dela berak ezagutzen duen ama esaten du. Isaurak berak hondoa jo zuen egun osoz ama zaindu eta lorik egin gabe eguna joan eta eguna etorri eman zuenean. Azkenean egoitzara eraman zuten ama, baina epaileengana jo behar izan zuten horretarako.
Idoiarentzat ezinbestekoa izan da elkarteak emandako laguntza, nola jokatu jakiteko.