Itxi

Amarauna

Williamsdarrak

Gurasoak Ghanatik etorri eta bi semeak Athleticen izar

Unai Urreaga | EiTb Media

Iñaki eta Nicoren aita eta ama Melillatik Bilbora iritsi zirenean, Iñaki Mardonesek lagundu zien. Hari esker on gisa jarri zioten Iñaki izena seme zaharrenari. Gainera, Mardonesek bataiatu zuen.

  • Iñaki eta Nico Williams, elkar besarkatuta

    Iñaki eta Nico Williams, elkar besarkatuta

    5:52 min
imagen player
imagen player
imagen player

Iñaki Mardonesek eman digu Iñaki eta Nico Willians Athleticeko jokalarien gurasoek Bilbora iristeko egindako bidearen berri.

Melillako hesia gainditu eta Bizkaira iristean, Caritaseko boluntarioek lagundu zieten, tartean Iñakik.

Afrikatik Europara etortzea zuten amets. Lehendabiziko laguntza eskaini zien abokatuak argi esan zien: beraien benetako jaioterritik, alegia Ghanatik zetozela esaten bazuten, deportatu egingo zituztela. Horregatik, zeuzkaten agiri guztiak puskatu eta Liberiatik zetozela esan zuten. Han gerra betean baitzeuden eta horri esker asilo politikoa lortu ahal izan zuten.

Ama gainera, haurdun zetorren. Ghanatik Melillara bidean, basamortua zeharkatu behar izan zuten, engainaturik, ez baitzekiten bidean zer topatuko zuten.

Hanketan eta oinetan zaurien arrastoak bistakoak omen dituzte oraindik.

Bilbora iritsi, Basurton erditu, eta lagundu zien apaizaren izena jarri zioten lehendabiziko semeari. Mardones klaretarra zen orduan, eta berak bataiatu zuen Iñaki.

Nico berriz Iruñean jaio zen, ordurako aitak Nafarroan aurkitu baitzuen lana, txerri haztegi batean.

Iñaki Mardonesen eta Williams familiaren arteko harremanak indarrean jarraitzen du eta pozik dago Iñaki zein Nico egiten ari diren bidea ikusita.