Itxi

Baipasa

Xabier Perez de Arenaza

"Egitura arazorik ez duten eraikinak bota eta berriz eraikitzeak ez du zentzurik"

Xabier Perez de Arenaza Arkitektoen Elkargoko kidearen ustez, "baliabide asko aurreztu ditzakegu eraikitako horri etekina atereaz, eguneratuz eta sistema berriekin baldintzak hobetuz"

  • Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassa arkitektoek irabazi dute Pritzker 2020 saria

    Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassa arkitektoak, Pritzker 2020 saridunak. Argazkia (wikipedia)

    12:19 min
imagen player
imagen player
imagen player

Xabier Perez de Arenaza Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako Jasangarritasun Batzordeko kidea da eta arkitektura jasangarriaz aritu zaigu, Pritzker sariak hizpide hartuta.

Anne Lacaton eta Jean Philippe Vassal senar-emazteek irabazi duten Pritzker saria hizpide izan dugu gaur Baipasan Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako Jasangarritasun Batzordeko kide Xabier Perez de Arenazak. Astelehenero klima larrialdiari egiten diogun tartean, ezagutu dugu nola erabiltzen duten isolamendu geruza espazio bizigarri gisa. “Ezagutzen ditugun baratzetarako negutegien sistemak erabiliz, etxebizitzei espazio berri bat erantsi die hainbat proiektutan, bai birgaitze, bai eraikin berrietan. Espazio hauek negutegi efektuaz beroa lortzeaz gain, etxebizitzei arnasgune berri bat ematen diete, espazio libre berri bat sortuz, han bizi direnek nahi duten eran aprobetxatzeko; lorategia, terraza, jolaserako tokia, gela berri bat, edo denak batera, nahi bezala”.

Horretaz eta klima larrialdiari aurre egiteko etxebizitza zaharrak bota eta berriak eraiki ordez, birgaitzearen alde egiteak dituen abantailez aritu zaigu arkitektoa. "Kontutan izan behar dugu eraikinek Europan kontsumitzen dugun energiaren %30 inguru erabiltzen dutela; gainera, ziurrenik, behar ditugun baino eraikin gehiago ditugu eraikita eta asko erabilera gabe daude. Jasangarritasunaren ikuspegitik egitura arazorik ez duen eraikitako zerbait botatzea berriz ere eraikin berri bat eraikitzeko ez du zentzu handiegirik; baliabide asko aurreztu ditzakegu eraikitako horri etekina atereaz, eguneratuz eta sistema berriekin baldintzak hobetuz", adierazi du Perez de Arenazak Baipasan.