Baipasa
ELKARRIZKETA
Maddi Ane Txoperena: "Kongon emakumeak sorginkeria leporatuta publikoki bizirik erretzen dituzte”
Unai Iradi | EITb Media
Alboan GKEarekin batera Kongon izan da Euskal Herriko emakume kazetari talde bat, Kongoko barne-migrazioan emakumeek pairatzen duten indarkeria bistaratzeko asmotan. Maddi Ane Txoperena Berriako kazetaria izan da bertan, eta jasotako testigantzen gordintasuna nabarmendu du.
-
Rachel Rugarabura AFEM-eko kazetaria eta Maddi Ane Txoperena Berriako kazetaria.
14:00 min
Alboan GKE-k munduan zehar bidegabekerien aurka lan egiten du, besteak beste, errefuxiatuei, eskolarik gabeko haurrei, arriskuan dauden gazteei, herri indigenei eta baztertutako emakumeei laguntzen aritzen da. Kongoko Errepublika Demokratikoan izan da Euskal Herriko emakume kazetarien talde bat, barne-migrazioetan Kongoko emakumeek nozitzen duten indarkeria azaleratzeko. Maddi Ane Txoperena Berria egunkariko kazetaria parte-hartzaileetako bat izan da, eta esperientzia aberasgarria bezain gogorra izan dela aitortu du.
Urtean 100.000 emakume baino gehiago bortxatzen dituztela kontatu du eta egunerokotasunean jazarpena izugarria dela dio. Sorginkeria ere izan du hizketagai: "Iaz 28 emakume hil zituzten Hego Kivu eskualdean sorginkeria egotzita. Publikoki hiltzen dituzte, bizirik erretzen dituzte".
Alboan GKE-aren eskutik egin dute bidaia, eta Hego Kivuko AFEM Association des Femmes des Medias ezagutu dute. Kongoko emakume kazetariekin izan dute hartu-emana, eta Mama Radio irratia ezagutu dute. "Kazetariak baino gehiago dira, indarkeria egoeraren baten berri badute irratiz kontatzen dute", dio Txoperenak. Bestalde, emakumeak ahalduntzeko eta alfabetizatzeko martxan dauden proiektuak ezagutu dituzte; enpresa txikiak dituzte martxan, aurrizki kolektiboak... genero ikuspegiko dibulgaziorako erabiltzen dituzte baliabide horiek.
Martxoaren 20an Berria egunkariak Kongoko egonaldiari buruzko erreportaje sorta berezia argitaratuko du.