Baipasa
Gure haria
2023, Artatxikiaren Nazioarteko Urtea, eta zer gehiago?
Lierni Ibargutxi | EITb Media
Urtarriletik aurrera zein ohitura eta joera berri izango ditugun solasgai.
-
2023
41:33 min
Zeren urtea izango da 2023a? Igandean ekingo diogu urte berriari eta galdera hori egin diogu geure buruari. Zuei ere luzatu nahi dizuegu: 2023an zein joera, zein gertakizun izango dira garrantzitsuak? Data esanguratsu asko ekarriko ditu urte berriak. Besteak beste, urteurren biribilak, hala nola, Picasso margolariaren heriotzaren 50.urteurrena. Baina data esanguratsuez gain, hainbat joera ere gailenduko dira datorren urtean.
Nazioarteko Egunak eta Nazioarteko Hilabeteak bezala, Nazioarteko Urteak izendatu ohi dira. Hain zuzen ere, kontzientziak astintzeko eta eraldaketarako ekimenak abian jartzeko. 2023ari dagokionez, Artatxikiaren Nazioarteko Urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak. Artatxiki, artoxehe edo artatxe ere esaten zaio zereal honi eta Afrikan eta Asian, batez ere, jende askoren elikaduraren oinarrizko osagaia da. Hain zuzen ere, Nazio Batuen baitako FAO Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak abenduaren hasieran inauguratu du Artatxikiaren Nazioarteko Urtea. Azpimarratu dutenez, artatxikia zereal erresilientea da. Egungo munduaren elikadura, jasangarritasun eta ekonomia erronkei aurre egiteko osagai xume bezain indartsua. Eta horregatik bultzatu nahi dute artatxikiaren laborantza eta zabalkundea 2023an. Artatxiki Bioguneko Igor Montuschirekin hitz egin dugu zereal honi buruz eta Biogunearen berezitasuni buruz.
Mugikortasunarekin lotuta, aldaketak datoz 2023an. Batez ere, ibilgailuei dagokienez. Aurreko batean, esaterako, aipatu genuen, Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea indarrean sartuko dela urte berriarekin batera. Eta horrek esan nahi duela, besteak beste, ibilgailurik kutsakorrenek zirkulazioa mugatua izango dutela 50.000 biztanletik gorako herri eta hirietan. Horretarako, pegatina bat jarri beharko dugu gure autoan, Ingurumen Etiketa deitzen den hori, gure ibilgailua sailkatuko duena, Eko edo Zero edo B edo C mailako gisa. Ibilgailuan, ordea, pegatina hori jartzeaz gain, beste berrikuntza bat izango da triangeluak desagertuko direla, eta larrialdietarako, istripuak gertatzen direnerako, argi bat jarriko dugula, hemendik aurrera triangeluen ordez. Berez, 2026ra arte ez da derrigorrezkoa izango V-16 izeneko argi hauek eramatea, baina, dagoeneko erosi daitezke. Eta Jabi Enbeita Ekin tailerreko mekanikoak esan digunez, argi horiek zenbat eta epe-mugatik gertuago erosi, hobe.
Autoei buruz hizketan ari ondoren, bururatu zaigu zein ederra den autoan bidaiatzea, norabide argirik gabe, eta gogoak ematen digunean gelditu, herri bat edo beste bisitatu, eta jatetxe berriren bat ezagutu... Oso plan ederra da, ezta? Baina gerta dakizuke jatetxerik ezagutu gabe itzuli behar izatea etxera, ez baduzu mahairik erreserbatu aldez aurretik. Izan ere, gero eta zailagoa da, jatetxe batera joan nahi dugunean, inprobisatzea: jatetxeetako erreserbak geratzeko etorri dira. Izan pandemiagatik edo jatetxeen beraien lan-martxarako ezinbestekoa zaielako ziurtatzea zenbat bezero izango duten otordu bakoitzean, ohiturak, zentzu horretan aldatu egin dira. Batez ere, hiri handietan gertatzen da, baina gero eta gehiago hedatzen ari den ohitura da. Dagoeneko erreserbarik gabe joaten al gara jatetxe edo baita tabernetara ere? 2023an ere horrela jarraituko al dugu? Andoni Uribesalgo gazte arrasatearrak bere esperientzia kontatu digu Madrileko jatetxeekin.
2023.urtean, artearen munduan, hainbat hitzordu garrantzitsu izango da. Esaterako, Picassoren heriotzaren 50. urteurrena beteko da, eta ospakizun-egitarau beteaz dator urtea. Bestalde, Vermeer pintore herbeherearraren urteurrena ere izango da. Dena den, guk orain jakin nahi izan duguna da egungo artistak zertan ari diren, eta, zertan ariko diren datorren urtean. Bereziki sinestesia-arteari buruz gehiago jakin nahi izan dugu, eta horregatik hitz egin dugu Karmele Gomez sinestesiadun artistarekin.