Albisteak
Astelehenean
'Estrobo' auziaren epaiketa eta Izaki Gardenak taldea, 'Faktoria'n
G.U.
Dopinaren aurkako arauak hausteagatik arraun munduko 10 pertsona akusatuen aulkian eseriko dira astelehenetik aurrera, eta Manu Maritxalarrek egingo dio epaiketari jarraipena.
Astelehen honetan, 'Estrobo' auziaren epaiketaren hasiera eta Izaki Gardenak taldea izango dira gai nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. Maite Artolak gidatutako tartean, Manu Maritxalarren eta Joxe Mari Apaolazaren laguntzarekin egingo dute arraun mundua astintzera datorren epaiketaren jarraipena. Bestalde, Izaki Gardenak taldearen Aurri gara disko berria aurkeztuko du Jon Basaguren taldeko abeslari eta Euskadi Irratiko kolaboratzaileak Manu Etxezorturekin.
8:00etan hasiko da saioa Maite Artolaren gidaritzapean. 8:30ean, Joseba Arruti, Xabier Lekuona eta Felipe Juaristi izango dira solaskideak. 9:00etan, berriz, Manu Maritxalarren eta Joxe Mari Apaolazaren laguntzarekin, 'Estrobo' auziaren epaiketari egingo diote jarraipena. Arraun mundua astinduko duen epaiketa astelehen goizean hasiko da, eta 10 pertsona eseriko dira akusatuen aulkian, tartean, Josu Zabalondo Urdaibai taldearen presidentea.
9:30ean, Maite Arroitajauregik, 'Mursego'k, zonbiekin lotutako kantuak ekarriko ditu. Ondoren, berriz, Arabar Errioxara joko dute. Oihane Yustosek erreportajea grabatu du Escuernaga herriko Candido Besa upategian. Aurtengo uztaren balorazioa egiteaz gain, Arabar Errioxarako eskatu duten berezko etiketatzeaz eta izendapenaz arituko dira.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Amaia Nausia eta Arantzazu Fernandez 40 urte betetzeari buruz ariko dira. Ondoren, 'Datraolat' izango dute hizpide,Twitterren deklinabidea bateratzea, alegia. 10:30ean, Martin Gartziandia Gasteizko sindikoaren asteroko bisita izango da. 11:00etan, Molto Vivace taldea eta euren musika ezagutuko dute, eta 12:00etako tartean, berriz, Jon Basagurenekin hitz egingo du Etxezortuk, Izaki Gardenak taldeko kantari eta 'Zidorrean' irratsaioko gidariarekin, alegia.