Itxi

Albisteak

Asteazkenean

Bilboko metroaren 20. urteurrena, 'Faktoria' saioan

G.U.

Metro Bilbaoren 20. urtemugaren bueltan izango da 'Faktoria' asteazkenean. Maite Artolak Juan Mari Aburto alkatearekin hitz egingo du, eta Manu Etxezortuk, berriz, Eneko Arruebarrena gerentearekin.

Bilboko metroaren 20. urteurrena izango da asteazken honetako 'Faktoria' saioaren ardatza. Amaia Artetxe goiz osoan ibiliko da bertan Euskadi Irratiko unitate ibiltariarekin, urtemugako ekitaldien berri ematen. Bestalde, Maite Artolak Juan Mari Aburto alkatearekin hitz egingo du, eta Manu Etxezortuk, berriz, Eneko Arruebarrena gerentearekin.

8:00etan hasiko da saioa, Maite Artolaren gidaritzapean. 8:30ean, Hedoi Etxarte, Mikel Aramendi eta Eguzki Urteaga izango dira solaskideak. Tarte horretan, Julen Mendoza Errenteriako alkatearekin hitz egingo dute, Memoriaren Egunari buruz. 9:00etan, Amaia Artetxerekin lehen konexioa egingo dute San Mamesko metro geltokian, Metro Bilbaoren 20. urteurrenaz aritzeko. Ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin hitz egingo du Artolak.

9:30ean, ekonomiaren leihoa zabalduko du saioak Beatriz Plazarekin eta Xabier Alkortarekin, eta, albistegia amaitzeko, Maialen Lujanbioren asteroko gogoeta izango da.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Ezer baino lehen, Amaia Artetxerekin bat egingo dute, eta Eneko Arruabarrena Metro Bilbaoren gerenteari egingo diote elkarrizketa. 11:00etan, bestalde, hiru euskal 'youtuber' izango dira estudioan: Telmo Trenado, Julen Hernandez eta Judith Astigarraga.

12:00etan, Amaia Artetxek Ander Cornejo kazetari itsuarekin eta Mikel Martinez aktorearekin Bilboko metroan egindako bidaiaren kontaketa egingo du. Ondoren, Eneko Gil dantzariak Donostia 2016ren baitan Poloniako Wroclaw hirian artista gisa bizitakoaz, eta hango artistekiko anaikidetzaz hitz egingo du. 12:30ean, amaitzeko, Imanol Ituiñoren magia tartea izango da.