Albisteak
Asteartea
Santa Luzia azoka eta René Cassin sariak, asteartean, 'Faktoria'n
G.U.
EiTB
Zumarraga-Urretxun izango da gure unitate ibiltaria. Gainera, René Cassin saria jasoko duten Zaporeak proiektuko eta Itsas Salbamenduko kideak izango ditugu.
-
Zaporeak eta itsas salbamendu humanitarioa
Santa Luzia azokara begira egongo gara asteartean, 'Faktoria' saioan. Gainera, René Cassin saria eskuratuko dituzten Zaporeak proiektua eta Itsas Salbamendua ere gonbidatu ditugu gurera.
07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza, eta Santa Luzia azokara joko dugu, Igotz Alkortarekin bat egitera. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Joxe Juan Gonzalez de Txabarri, Laura Mintegi eta Mikel Aramendi. 09:00etan, Nadia Nerea neskatoari lotutako ustezko iruzurrari lotuta, Maialen Martijarekin hitz egingo dugu. Bere seme-alabek haren gaixotasun bera dute, eta kasu horrek zein kalte eragin dien azalduko digu. 09:30ean, aldiz, René Cassin saria eskuratuko duten Zaporeak proiektuaren koordinatzaile Oraitz Garciarekin eta Itsas Salbamenduko kide Iñigo Unzetarekin hitz egingo dugu. Azkenik, Eli Larrinagaren sinadura izango dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, Gaindegiak Udalbiltzarentzat egin duen 'Euskal Herriko geografia demografikoa: bilakaera eta joera' azterlanaz hitz egingo digu Imanol Esnaolarekin. Jarraian, aktualitatea puri-purian ekarriko digu Jon Santxezek. Ondoren, 'Ekosfera'ren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek, eta Jokin Zabalarekin batera, Urola Garaiko baserritarrak izango ditu hizpide.
11:00etan, Igotz Alkortarekin bat egingo dugu berriz Zumarraga-Urretxun. Ondoren, Sound of roots dokumentalaren egileek kontatuko digute ska eta reggae musika nola iritsi ziren guregana eta nolako garrantzia izan duten. 11:30ean, azkenik, 'Direnak eta ez direnak' tartean, hizkuntza hegemonikoak vs euskara izango dituzte mintzagai Carlos Cidek eta Xabier Amurizak.
12:00etan, berriz ere joko dugu Santa Luzia azokara. Segidan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterolarekin eta Igor Zalakainekin. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.
07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.