Itxi

Albisteak

Urtarrilak 2

Cita Alzheimer proiektua ezagutuko dugu astearteko 'Faktoria'n

G.U.

EiTB

Alzheimerraren zabalpenari buruzko ikerketa Deban hasi zuten, eta Beasainen ere hasiko dira gauzatzen. Gainera, ondo egindakoak nabarmentzeak duen garrantziaz ere hitz egingo digu.

  • Cita Alzheimer proiektua

    Cita Alzheimer proiektua

Urtea bete da Deban, 60 urtetik gorako herritar guztiekin ikerketa abiatu zuela alzheimerraren zabalpenari buruz. Orain, Beasainera zabalduko dute. Xehetasun guztiak jasoko ditugu asteartean 'Faktoria' saioan. Gainera, magazinean, ondo egindako gauzak nabarmentzea oso garrantzitsua dela ikasiko dugu.

07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Iñaki Galdos, Laura Mintegi eta Mikel Aramendi. 09:30ean, Cita Alzheimer proiektua izango dugu hizpide Ane Iriondo neurobiologoarekin, Ainara Estanga neuropsikologoarekin eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkatearekin. Azkenik, Eli Larrinagaren sinadura izango dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, Euskal Herrira etortzen diren Bielorrusiako haurrez arituko gara Axun Mendizabalekin. Jarraian, aktualitatea puri-purian ekarriko digu Jon Santxezek. Kirol aurrerapenaren ondoren, 'Ekosfera'ren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.

11:00etan, ondo egindakoak nabarmentzeak duen garrantziaz hitz egingo digu Edurne Mendizabal, Arremanitzeko kideak. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza eskuz idatzitako gutunek ematen duten pozaz ariko dira.

12:00etan, errege opil beganoa nola egiten den ere irakatsiko digu Lukene Izetak, eta, segidan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterolarekin eta Igor Zalakainekin. Porrua izango dute sukalderako osagaia. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.

07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.